Gizartea -

Giro petrala

Haize, euri, elur eta olatu denboralea Euskal Herrira heldu da

Batez ere igandean elurteak izateko “arrisku handia” dagoela ohartarazi du gaur Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. De Andresen hitzetan, “aurre egitea zaila izango da”.

Olatuak Donostian. Argazkia: EFE
Olatuak Donostian. Argazkia: EFE
Olatuak Donostian. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri, elur, olatu eta haize denborale indartsua Euskal Herrira heldu da gauean. Alerta laranjak indarrean jarri ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datorren igandera arte; izan ere, 24 ordutan 60 litro metro karratuko bota ditzake Atlantikoko isurialdean.

Ostegunean, 21:00etan, alerta laranja martxan jarri duela jakitera eman du Segurtasun Sailak. Ostiraleko 24:00ak arte indarrean izango da; izan ere, zazpi metro arteko olatuak espero dira euskal kostaldean.

Hala ere, aurreko denboraleetan baino ahulago joko dute olatuek, denboralea marea biziekin batera gertatuko ez delako. Ostiral goizean olatu handienak espero dira, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize zakarrak lagunduta. Itsasoaren egoera nabigaziorako "oso txarra" izango dela ohartarazi du Segurtasun Sailak.

Euria erruz botako du

Gainera, Euskalmet-ek jakitera eman duenez,  "oso eguraldi nahasia" espero da. Atlantikoan Azoreetako antizikloiak eta Europako iparraldean kokatutako borraska sakon batek korridore bat osatuko dute.

Korridore horretatik fronte ezberdinak sartuko dira eta euri-zaparrada mardulak botako ditu Euskal Herrian. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta elurra egingo du gero eta kota baxuagoetan, igandean batez ere. Denboraleak asteartera arte iraun dezake.

Euria ostiralean erruz botako du. Ostiralean 80 litro metro karratuko bota ditzake Atlantikoko isurialdean eta 30 Arabako Lautadan. Euri-zaparradak astelehenera arte izango dira. Gainera, asteburuan zehar ekaitzek txingorra edozein unetan bota dezakete.

Elur-kotak behea joko du asteburuan

Elur-kota 1.000 metrotan kokatuko da lehen egunetan, baina "behea joko" du asteburuan, Euskalmeten arabera.

Larunbatean, 500-600 metrotan elurra bota dezake eta igandean elur-kota 300-500 metrotan kokatuko da, baina ekaitzen ondorioz 100-200 metrotara arte jaitsi daiteke zenbait tokitan. Egun osoan zehar txingor-zaparradak sarri botako ditu, batez ere kostaldean.

Elurte handiak Araban

Batez ere igandean elurteak izateko “arrisku handia” dagoela ohartarazi du gaur Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak. De Andresen hitzetan, “aurre egitea zaila izango da”, baina errepideak garbi mantentzeko dispositiboa prest dago, batez ere A-1ean eta N-622an.

Arabako txokoetan 60 zentimetroko geruza pilatzea espero dela azaldu du ahaldun nagusiak. Elurte handiak izateko arriskuak “ezustean” harrapatu ez duela argi utzi du agintariak, eta prest daudela ziurtatu du.

Era berean, Gasteizko Udalak elurrari aurre egiteko egitasmoa martxan jarriko du igandean, 12:00etan.

Elur-jausiak gertatzeko arriskua, Nafarroan

Nafarroan ere alerta laranja aktibatu du Estatuko Meteorologia Agentziak haize eta elur arriskuagatik. Euriagatik eta elur-jausiak gertatzeko arriskuagatik abisu horia martxan jarri du. Larunbatean, alerta laranja izango da elurragatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea