Gizartea -

Denboralea

Gizon bat hil da Nafarroan, denboralearen eraginez

Elurraren maila 300-400 metro inguruan kokatuko da igande goizaldean. Bestalde, elurrari dagokion alerta laranja igande gauerdira arte luzatuko da.

Urkullu Enkarterrietan izan da udalerri kaltedunak bisitatzen. Argazkia: EiTB
Elurra egin du Arabako hainbat lekutan

2:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

70 urteko gizon bat hil da larunbat honetan Los Arcosen (Nafarroa), azken egunotan Euskal Herria astintzen ari den euri eta elur denboralearen eraginez. Gizonaren ibilgailua Odron ibaiak eraman du, eta auto barruan aurkitu dute gizona hilik.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, hildakoaren senideek haren desagerpenaren berri eman zuten atzo 15:48 inguruan, etxera itzultzen ez zela ikusita.

Ondoren, suhiltzaileak eta foruzainak gizona bilatzen hasi ziren eta 17:00ak aldera haren furgoneta aurkitu zuten.

Alerta laranja ezarri dute elurragatik igande gauerdira arte. Euskalmeten arabera, elurraren maila 300-400 metro inguruan kokatuko da igande goizaldean.

Igandean eguraldiak ildo beretik jarraituko du, egunaren lehenengo partean behintzat. Zaparradak botako ditu, sarriago eta indar handiagoz kantauriar isurialdean, eta iparraldean ekaitzak joko du eta txingorra ere espero da. Elurraren maila 300-400 metrora kokatuko da eta ekaitz eremuetan, berriz, noizbehinka 100 edo 200 metrora ere elurra egingo du. Arratsaldetik aurrera ekaitza lehertzeko aukera txikituz joango da eta elur-mailak gora egingo du eta gauean 500 edo 600 metrora kokatuko da jada. Negu beteko giroa espero da eta ipar-mendebaldeko haizeak bizi ibiliko da.

Lehendakaria Enkarterrietan izan da denboralearen kalteak ikusten

Iñigo Urkullu lehendakaria, Juan Mari Aburto Enplegurako sailburua, Jon Darpon Osasun sailburua, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia, Irene Pardo Nekazaritzarako ahalduna eta Javier Portillo Zallako alkatea Enkartazioetan izan dira larunbat goizean, hain zuzen ere, ostiraleko denboralearen ondorioz kalte handienak jasan dituzten eskualdeko udalerrietan.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, lehendakariak eta ahaldun nagusiak kalteak eta Zalla, Güeñes eta Balmaseda udalerrietako biztanleen beharrak ezagutu nahi izan dituzte bertatik bertara.

Zallako alkateak kalteak zenbatu ditu. Bestalde, Juan Mari Aburtok Eusko Jaurlaritzako etxebizitzak eskaini dizkie uholdeen ondorioz etxe barik geratu diren familiei. Halaber, Gizarte Zerbitzuek aparteko laguntza eskainiko dutela iragarri du.

Azkenik, Jose Luis Bilbaok jakitera eman duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean abiatuko du udalerri kaltedunentzako laguntza-plana.

'0' egoera

Uholdeei aurre egiteko Euskadiko Planaren larrialdi-fasea 1etik 0-ra igaro dela iragarri du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. "Litekeena da oraindik ageri ez diren balizko larrialdiak izatea, izan ere, hainbat baldintza kontuan hartuta eta egoerak okerrera egiten badu, posible da horrelakorik jazotzea", azaldu du sailburuak. Eguraldi-iragarpenarekin eta urtegien funtzionamendu okerrarekin lotutako baldintzak izaten dira.

Halaber, hainbat ibai zaintzen jarraitzen dute, bereziki, URA Uraren Euskal Agentziak, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak eta foru aldundiek.

Araba

Araba Araban, urak ez du aparteko arazorik eragin, eta elurra da kezkarik handiena.

Elurrari aurre egiteko operatiboa aurreratu dute Gasteizen, Javier Maroto alkateak jakinarazi duenez. Elurra uste baino lehenago heldu da hirira, eta 10:00etarako elurra mara-mara zegoenez, operatiboa martxan jartzea erabaki du Udalak. Aurreikusitako operatiboan, elurra kentzeko 48 ibilgailuk parte hartuko dute. Halaber, Udalak 1.200 kilo gatz banatu ditu Gasteizko auzoetan eta industrialdeetan, etxerako, negozioetarako eta aparkalekuetarako sarrerak garbitu ditzaten.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Bernedoko mendatea erabat itxita dago ibilgailu guztientzat eta Zaldiarango gainetik igarotzeko kateak beharrezkoak dira. Bestalde, Herrerako, Azazetako eta Opakuako gainak kamioientzat itxita daude eta autoek kateak behar dituzte. Bestalde, AP-1 autobidea, Armiñonen, erabat itxita dago kamioientzat.

Bestalde, hainbat ibai bidetik atera dira. Luiaondon eta Okondon, ibaiek gainez egin dute, eta Langraizen ere Zadorra bere bidetik atera da, N-1 errepide zaharraren parean.

Nafarroa

Sustapen Ministerioak 106 makina mobilizatu ditu larunbat arratsaldeari elurrari aurre egiteko. AEMET Espainiako Metereologia Agentziak alerta laranja ezarri du elurragatik Nafarroan. Eguraldi iragarpenaren arabera, Piriniotan 20 zentimetro pilatu daitezke, 15 zentimetro kantauriar isurialdean eta 10 zentimetro, erdialdean.

Hori dela eta, Javier Morras kontseilariak ahal dela autorik ez hartzeko eta mendira irteerarik ez egiteko aholkatu die nafarrei.

Denboralearen ondorioz hainbat errepide itxi behar izan dituzte: Barrancako autobia (14. kilometroan) eta NA-30 errepidea (Landaben poligonorako sarbidea), Arga ibaiak gainezka egin ondoren. Halaber, luizi batek arazoak eragin ditu N-121-A (Iruña-Behobia) errepidean.

Iruñeko eskualdeak Arga ibaiaren gorakada ikusi du gaur, kalte larririk gabe. Hala ere, hainbat aparkalekutan uholdeak izan dira, esaterako, Burlatan edo Atarrabian. Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, atzo 3,06 metroko altuera neurtu zuten Argan, eta gaur goizean, berriz, 2,23 metro. Beraz, ur-emariak beheranzko joera hartu du.

Temporal Pamplona Iruña denboralea EFE

Gipuzkoan, maila berdea

Gipuzkoako ibai gehienak maila berdean daude. Gauean euri gutxiago egin du, eta errekek behera egin dute.

Oriaren eta Urumearen ur-emaria atzo oso handia izan zen arren, urak ez zuen txikiziorik eragin, eta bere onera itzuli dira ibaiok.

Deba ibaia alerta gorrian egon zen Oñatin, baina han ere ibaiaren emaria jaitsi egin da.

Denboralea Hernani temporal EFE

Urumea Plana, bertan behera

Donostiako Krisi-Mahaiak bertan behera utzi du Urumea Plana, ibaiaren ur-emaria "nabarmen" jaitsi delako, Donostiako Udalak jakitera eman duenez. Beraz, Txomin-Enea eta Martuteneko auzokideek ibilgailua jaisteko aukera izango dute (ostiralean Garbera merkataritza-zentrora eraman zuten, uholdeen beldur).

Udalak horren berri eman du sakeleko telefonoetara bidalitako mezu baten bitartez. Hala ere, informazioak hurbiletik jarraitzeko aholkatu du, 60 l/m2 pilatzea espero baita.

Udalak azaldu duenez, "Añarbeko urtegiak ur kopuru handia jaso du", eta hori arintzeko, urtegiaren konportak ireki dituzte, "Urumearen ur-emari baxu aprobetxatuta".

Iparraldea

Ipar Euskal Herrian bihar arte luzatu dute alerta laranja, euriteak izango direlakoan. 700 etxebizitzak argindarririk gabe jarraitzen dute. Halaber, bigarren mailako hainbat errepide itxi dituzte.

Errobi, Urdazuri eta Uhaitzako ibaiek abisu horiarekin jarraitzen ditu, uholdeak izango direlako. Gainera, txingorra ere botatzea espero da.

Tren bat errailetik atera da

Euskotreneko konboi bat errailetik atera da Etxebarrin, bertan izandako luizi baten ondorioz. Jazoera goizeko lehen orduetan izan da. Trenak 30 bidaiari zeramatzan, baina ez da zauriturik izan.

Ezbeharraren ondorioz, tren-zirkulazioa itxi dute Atxuri eta Ariz geltokien artean, eta autobusa jarri dute tarte hori betetzeko. Euskal Trenbide Sareko teknikariek jakitera eman dutenez, litekeena da tarte hori egun osoan egotea itxita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea