Gizartea -

Denboralea

Elurtea amaitu, baina izotzaren arriskua areagotuko da

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, astebururako eguraldi lasaiagoa izango da. Hala, larunbateko 15:00ak arte elurragatik abisu horia izango da indarrean.

Emakume batzuk, elurtutako Donostiako Kontxako hondartzan bainatu dira. Argazkia: EFE
Araba: Bideak nahiko garbi badaude ere, arazoak ez dira bukatu

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurteak zirkulazioan sortu dituen zailtasunak amaituko dira, baina izotzak arazoak sortuko ditu datozen orduetan, batez ere Araban. Prezipitazioak bukatuko dira, baina tenperatura baxuak protagonistak izango dira.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, astebururako eguraldi lasaiagoa izango da. Hala, larunbateko 15:00ak arte elurragatik abisu horia izango da indarrean. Hobekuntza gorabehera, hotz handia izango da asteburuan ere.

Datozen egunetan hotza izango da protagonista nagusia. Hori dela eta, Segurtasun Sailak mendira joaten diren herritarrei mendi altuak eta erlaitzak ekiditeko deia egin die, elur-jausiak izateko arriskua baitago.

Kostaldean ere zuritu du

Lurraldeka, erruz ari du Bizkaia osoan. Barnealdean ez ezik, kostaldean ere egin du, eta ondorioz, zuri-zuri esnatu dira hainbat hondartza, Ereaga (Getxo) edo Arrigorri (Ondarroa), besteak beste. Aurreko egunetan bezala, Durangaldeko herrietan dute egoerarik kezkagarriena.

Bilbon, auzo garaienetan dago arazo gehien, eta autobusek arazoak izan dituzte heltzeko. Erorikoak eta istripuak saihesteko, 109.400 kilo gatz bota dituzte Bilboko Udaleko langileek errepide eta kaleetan. Santo Domingo itxita egon da goizaldean. Elurrak eta istripu batek arazoak sortu dituzte bertan.

Karrantzan, bestalde, ur edangarririk gabe daude, araztegian tximista bat jausi dela eta. Hala, txorrotako ura hartu baino lehen, irakiten ipintzea gomendatu du Udalak.

Gipuzkoako barnealdean izan dira elurte mardulenak. Donostia hiriburuan, orain arte elurra ia ikusi gabe zuten, baina ostiral honetan arantza kendu ahal izan dute donostiarrek, gogotik bota baitu goizean. Hondarribiko, Irungo eta Zarautzeko hondartzak ere, zuri-zuri esnatu dira goizean.

Ondarreta playa hondartza nieve elurra. EFE

Ondarretako hondartza. Argazkia: EFE

Gasteizen metro erdi elur pilatu da

Aurreko egunetan bezala, gaur ere Araban egin du elur gehien. Horrela, Gasteizen metro erdi elur pilatu da hainbat lekutan. Elurra kentzeko 33 makinek eta 370 beharginek kale nagusiak eta industrialdeetako sarbideak garbitu dituzte.

Oinezkoek zailtasunak izaten jarraituko dute Arabako hiriburuan. Erorikoen ondorioz 100 pertsona baino gehiago artatu behar izan dituzte hiriko ospitaletan, azken egunetan.

Forondako aireportuan, berriz, 35 urtean lehen aldiz, zama hegazkinek ezin izan dute lur hartu, pista garbitzeko modurik izan ez dutelako. Gauean 21 hegaldi utzi dituzte bertan behera.

Nafarroa, zeropean

Hotzaldiak Nafarroako hainbat txoko zeropetik utzi ditu. Iruñean -2,8 graduko tenperatura izan da. Erriberan, Tuterak -2,4 graduko tenperatura izan zuen bart, eta goizean giro oso hotza izan da, nahiz eta 2 graduko tenperatura harrapatu.

Hotz handiena mendebaldean egin du. Nafarroako Gobernuaren behatokiak -3,2 graduko tenperatura neurtu du Etxarri Aranatzen eta egun osoan zehar zeropetik eman dute.

Lizarran tenperatura oso baxuak izan dira, -3,4 gradu 4:10ean eta epelena 1,1 gradukoa izan da eguerdian, baina 40 minutu geroago behera egin du berriro.

Nafarroako iparraldean, Donezteben -3-4 gradu neurtu zituzten bart, baina 10:40etik zero gradu gainditu dituzte. Nafarroako Gobernuaren behatokiek neurtu duten tenperaturarik hotzena Arangoitin jaso dute: -10,9 gradu.

Iparraldean, Lapurdiko kostaldeko hainbat herritan zuritu du, tartean, Biarritzen edo Hendaian.

Baiona elurra (2015-02-06) Argazkia: Franck Dolosor

Lapurdiko hiriburua zuri-zuri dago. Argazkia: Franck Dolosor

Hainbat ikastetxe itxita, eta eskola-kirola, bertan behera

Elurrak eta izotzak Arabako eta Bizkaiko 21 ikastetxe ixtera behartu dute ostiralean. Era berean, Mondragon Unibertsitateak eskolak bertan behera utzi ditu Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko zentroetan.

Bestalde, badaezpadako neurri gisa, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek asteburuko eskola-kiroleko ekintzak bertan behera utzi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Iparraldea albisteak Denboraleak bideoak