Gizartea -

Hezkuntza

Jaurlaritzak Heziberri plana aurkeztuko die gaur hezkuntza eragileei

Gasteizko Gobernuak eragileon babesa lortu nahi du. ELA eta EILAS, baina, ez dira bilerara joango.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. EiTB
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua. EiTB
Jaurlaritzak Heziberri 2020 proiektua aurkeztu die hezkuntza eragileei

03:04

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte sailburuak Heziberri 2020 planaren behin betiko testua aurkeztu die gaur hezkuntzaren sektoreko eragileei. Lehen Hezkuntzatik Batxilergorako irizpide akademikoak ezartzen dituen dokumentua da hori.

Bilera 09:00etan hasi da, eta, bertan, Jaurlaritzak eragileen babesa lortu nahi du. Alabaina, ELA eta EILAS ez dira joan, Heziberrik LOMCEri ateak irekiko dizkiola uste baitute. LABek ere adierazi du dekretuak LOMCErekin lotura duten kontrol neurriak bereganatu egiten dituela. Hortaz, "hezkuntza burujabetzaren bidea" hartzea proposatu dio LABek Jaurlaritzari.

Gainerako eragileen artean, Kristau Eskolak babesa agertu dio Jaurlaritzari; Ikastolen Elkarteak ontzat eman du LOMCEtik urruntzeko ahalegina, baina proiektua ez dela ikastolena nabarmendu du; eta gurasoen elkarteek curriculum dekretuak ezagutu eta gero egingo dute hausnarketa.

Heziberrik ekarriko duen berritasun nagusietako bat da DBHko 4. mailako ikasleek azterketa bat egin beharko dutela ikasturtea amaitu eta gero. Ez du "errebalida" izena hartuko, LOMCEn agertzen den bezala, baina halabeharrezkoa izango da DBHko titulua lortzeko edota Batxilergoa egin ahal izateko.

Azterketa hori gainditzen ez dutenek ikastetxean bertan jarraitu ahalko dute beste urtebetez, titulua lortzeko ikastaro bereziak egiten, baina ikasturtea errepikatu barik.

Lehen Hezkuntzan ere egingo dituzte azterketak, 3. eta 6. mailak amaitu eta gero, hain zuzen ere, baina diagnosia egiteko ebaluazioak izango dira; hau da, ez dute ondorio akademikorik izango.

Bestalde, LOMCEren arabera, ikasleek 14 urterekin hautatu beharko dute Lanbide Heziketa edo Batxilergoa egin nahi duten. Heziberrik, baina, erabaki hori 16 urte izan arte atzeratzea ahalbidetuko du.

Komunikazio hizkuntzari dagokionez, behin betiko txostenak hiru ereduen sistemari eusten dio, baina A ereduan euskara indartu egingo dute. Nolanahi ere, ikastetxeek hizkuntza proiektu propioak garatu ahalko dituzte.

Erlijioa nahitaez eskaini beharko dute zentroek, baina hautazko ikasgai gisa. Alternatiba balioei buruzko ikasgai bat izango da. Biek ala biek eragina izango dute batez besteko notan.

Azkenik, Heziberrik autonomia handiagoa emango die ikastetxeei, eta Eskola Kontseiluak mantendu egingo ditu eskuduntza propioak, LOMCEk aurkakoa ezartzen badu ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak EAE Euskal Eskola Publikoa albisteak