Gizartea -

Barakaldon

Gizon bat atxilotu dute bikotekidea jo eta arrastaka eramateagatik

Antza denez, eraso egin ondoren, autotik bota du, baina segurtasun uhalera lotuta geratu da, eta, hori dela eta, autoa abiarazi duenean, zenbait metro arrastaka eraman du, eta zauriak eragin dizkio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko Ertzain-etxeko agenteek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igandean, emakumeen kontrako tratu txarrak egitea leporatuta. Antza denez, gizonezkoak bikotekideari eraso zion eta autoarekin arrastaka eraman zuen. Ondorioz, hainbat zauri eragin zizkion.

Hala, 19:00ak pasatxo zirenean, Ertzaintzak herritar baten abisua jaso zuen. Horren arabera, gizon batek neska bat jo zuen, Megapark inguruan, eta, Frantziako matrikula zuen auto batetik bota eta martxan jarri zuen.

Emakumea arrastaka eraman omen zuen zenbait metrotan, autoaren segurtasun uhaletik lotuta geratu zelako. Emakumeak askatzea lortu zuen, nola edo hala, eta Megaparkerako bidea hartu zuen.

Handik gutxira, Ertzaintzaren bi patruila bertaratu ziren; batek ustezko erasotzailearen autoa bilatzeari ekin zion (merkataritza zentroko biribilgunean zegoen) eta bestea biktimarengana joan zen.

Biktimaren bertsioaren arabera, gizonak eraso egin ondoren, autotik bota zuen baina segurtasun uhalera lotuta geratu zen; hori dela eta, gizonak autoa abiarazi zuenean, zenbait metro arrastaka eraman zuen, eta zauriak eragin zizkion.

Askatzea lortu ondoren, emakumea merkataritza zentroko aparkalekura joan zen, eta laguntza eskatu zion han zegoen gizon bati. Emakumearen egoera ikusita, agenteek anbulantzia bat eskatu zuten, eta biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten bertan.

Gertatutako guztia kontuan hartuta, agenteek gizona (frantziar bat) identifikatu eta atxilotu zuten, emakumeen kontrako delitu bat egin izana egotzita, eta polizia-etxera eraman zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo