Gizartea -

Biktimarik ez

5,2 graduko lurrikara batek Espainiako erdialdea astindu du

Lurrikarak Ossa de Montielen (Albacete) izan du epizentroa, baina 10 kilometroko sakoneran; horregatik ez du kalte handirik eragin. Hala ere, badaezpada zenbait eraikin hustu dituzte.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
5,2 graduko lurrikara batek Espainiako erdialdea astindu du

0:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

5,2 graduko lurrikara batek Espainiako erdialdea astindu du 17:16 aldera, Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) jakitera eman duenez. Lurrikarak Ossa de Montielen (Albacete) izan du epizentroa, Albacetetik 87 kilometrora.

Seismoa 39,04 graduko latitudean eta 2,62 graduko longitudean jazo da, 10 kilometroko sakoneran. Zonalde horretan seismoak ohikoak ez direla azaldu du IGNk. Lorcan (Murtzia) 2011n izandako lurrikarak 5,1 graduko indarra izan zuen.

Antza denez, seismoak ez du kalte handirik eragin. Lorcako lurrikararekin alderatuta, gaurkoa oso ezberdina izan dela azaldu du IGNk; izan ere, hura zonalde oso arriskutsua zen, eta epizentroa toki jendetsuan izan zuen. Hala ere, badaezpada, zenbait eraikin hustu dituzte.

Erreplika ugari izan dira zonaldean, IGNren arabera. Lurrikara handia gertatu eta hurrengo ordubetean, gutxienez 2,5 graduko beste bi seismo izan dira.

Lurrikara erkidego guztietan nabaritu dute, Galizian eta Katalunian izan ezik, IGNk jakitera eman duenez.

Ossa de Montielek 2.500 biztanle ditu, eta hiriburutik 85 kilometrora eta Tomelloso eta Manzanares (Ciudad Real) herrietatik gertu dago.

Urtero 2.500 lurrikara

Espainiako Sare Sismikoaren arabera, urtero 2.500 bat lurrikara gertatzen dira Espainian, baina gehienak oso txikiak izaten dira, eta biztanleek batez beste bi bakarrik nabaritzen dituzte hilean. Penintsulako lurrikarak Eurasiako plaka tektonikoak Afrikakoarekin talka egiten duenean gertatzen dira.

Horregatik, arriskurik handiena penintsulako hegoaldean eta hego-ekialdean dute, hau da, Granadan, Alacant hegoaldean, Almerian eta Murtzian.

Gaurko lurrikara Lorcakoaren (Murtzia) faila berean gertatu da. Seismo hark bederatzi pertsona hil, 324 zauritu eta hainbat kalte eragin zituen 2011n. 2012an, 5,2 graduko beste lurrikara bat jaso zen Lalin (Pontevedra) aldean, kostaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea