Gizartea -

Gizarte Laguntzak

Seme-alabengatik diru laguntzak emateko, errenta hartuko dute kontuan

Familiek jasoko dituzten laguntzen berri emanaz agertu da Angel Toña Enplegu sailburua. Gizarte laguntza berriak iragarri ditu.

Tona
Tona
Familientzako laguntzak iragarri ditu Toña sailburuak berragerpenean

1:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak seme-alabak edukitzeagatik ematen dituen diru-laguntzak gurasoen errentaren araberakoak izango dira, familiek bigarren seme edo alaba bat izan dezaten erraztasunak edukitzeko.

Miguel Toña Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak aitortu du errentaren irizpidea kontuan hartzearena "herritarren zentzuzko eskakizuna" dela, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko "nahiko aurreratua" du laguntzak emateko irizpideen inguruko dekretu berria.

Hori horrela, ez dituzte aldatuko lehenengo seme-alabarengatik ematen dituzten laguntzak, 400 eta 900 euro artekoak, eta hurrengo seme-alaben kasuetarako aldatuko dira baremoak.

Bigarrenetik aurrera, 20.000 euroko errentatik behera dutenek 1.800 euro jasoko dituzte (orain baino 300 euro gehiago), 20.000 eta 30.000 euro artean irabazten dutenek 1.000 euro (500 gutxiago), eta 31.000 euroko errentatik gora jasotzen dutenei 800 euro emango dizkiete (700 gutxiago).

Hirugarren seme-alabatik aurrera, egungo laguntzei eutsiko diete errenta baxuenen kasuan (900 euro), eta behera egingo dute 20.000tik 30.000 euro arteko errentetan, 500 euroraino (600 euro gutxiago), eta baita 30.000 eurotik gorako errenten kasuan ere, 400 euro emango baitizkiete (700 gutxiago).

Horren ondorioz, ez omen dute diru partida handiagoa bideratu beharko, eta helburua izango da "antzeko esfortzuarekin, errenta baxuenei mesede egiten saiatzea", zeren Toñaren esanetan, ikerketek agerian uzten dute "bikote askok bi seme-alaba nahi dituztela, baina ez dutela bigarrena edukitzen arazo ekonomikoengatik".

Iazko laguntzak

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak jakinarazi duenez, Jaurlaritzak 31,3 milioi euro bideratuko ditu familia eta lana uztartzeko laguntzetara, aurreko urtean baino % 81,3 gehiago. Izan ere, iaz ezin izan zituzten eskari guztiak bete, udarako agortua baitzen aurrekontu osoa.

Oraindik ez dituzte eman 2014ko martxotik abuztura eskatutako laguntzak, 12,4 milioi euro pilatzen dituzten 12.000 espediente. Horiek izango dira kobratzen lehenak, eta datorren astean hasiko dira ordainketak egiten.

12,4 milioi horiekin batera, urteko azken lau hilabeteetan kudeatutako laguntzak daude, eta Jaurlaritzak aurreikusi du beste 9 milioi euro izango direla.

Aurreikuspen horiekin, aurtengo aurrekontuko 21,6 milioi euro iazko eskariak betetzera bideratuko dituzte, eta 10 milioi baino gutxiago geratuko dira 2015eko eskarientzat.

Toñak aitortu du bere Sailak apirilera arteko eskariei soilik erantzun ahal izango diela, baina aurrerago partida berri bat bideratzeko aukera egongo litzatekeela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Laguntza publikoak