Gizartea -

Maula

Euskadin bahiketa birtualen kasuak atzeman ditu Ertzaintzak

Biktimak dei anonimo bat jasotzen du ustez bahituta duten seme-alaba askatzeko erreskate bat (350 eta 5.000 euro artekoa) eskatuz.

Ertzaintzak zenbait salaketa jaso ditu azken hilabeteetan

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bahiketa birtualen kasuak izan direla ohartarazi du Ertzaintzak ohar batean. Gaizkileek lagun bat bahitzen duten itxura egiten dute, senitartekoei hura askatzearen truke dirua eskatuz.

Polizia autonomikoak azaldu duenez, euskal herritarren hainbat salaketa jaso dituzte azken hilabeteetan. Hego Amerikan oso ohikoak dira delitu mota hauek, eta Estatuan ere hainbatetan jazo dira.

Salatu diren kasu guztietan jarduteko modu bertsua dute gaizkileek: biktimak telefono dei bat jasotzen du ezkutuko zenbaki batetik. Ustezko bahitzaileak, normalean azentu latinoamerikarra duenak, "seme-alaba bahituta" duela jakinarazten dio, eta berak esandakoa egin ezean, umea hil edo min egitearekin mehatxatzen du.

Hori horrela, 350-5.000 euro arteko kopurua emateko galdegiten dio, lokutorio batean egindako transferentzia bidez. Gaizkileek berehala ordaintzeko presio egiten diote biktimari, honek seme-alabak non dauden egiaztatzeko denborarik izan ez dezan.

Tentsioari eusteko, hainbat trikimailu erabiltzen dute gaizkileek: biktimari ez diote deia eskegitzen uzten, eta hala, ezin du maularen berri inori eman.

Ertzaintzaren arabera, gehienetan biktimak ausaz aukeratzen dituzte eta zenbaitetan biktimek ez dute seme-alabarik. Beste batzuetan, ordea, ustezko bahitzaileek ikerketa egiten dute biktimaren datuak biltzeko, sare sozialak aztertuta, besteak beste. Hori horrela, zenbaitetan seme-alaba barik, aita edo neba-arrebak izaten dira ustezko bahiketaren jomuga.

Bahiketa birtual baten biktima izaten ari zarela uste baduzu, hainbat gomendio eman ditu Ertzaintzak: aurrena, lasai egotea; bigarrenik, ustezko bahituta non dagoen egiaztatzea eta; hirugarrenik, ordainketarik ez egitea. Horrez gain, 112 telefonora berehala deitzea aholkatu du Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak Salaketak