Gizartea -

Euri-denboralea

Ateruneei esker, egoera normaltzera bidean

Nafarroako lau herrik (Funes, Andosilla, Mendavia eta Castejon) alerta egoeran jarraitzen dute.

Hainbat herritar txalupan ebakuatu dituzte Martutenen. EFE
Hainbat herritar txalupan ebakuatu dituzte Martutenen. EFE
Zodiakean atera dituzte bizilagunak etxetik Tuteran

1:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euri denboraleak arazoak sortu ditu bigarren egunez. Oro har, egoera egonkortu egin da lurralde osoan, baina bi herritan arazoak daude gaur ere: Martutene, Donostian, eta Tutera, Nafarroan, biek ala biek uholdeak izan baitituzte. Hori bai, bi lekoutan egoera hobera egiten ari da, orduek aurrera egin ahala.

Eusko Jaurlaritzak kendu egin du jada alerta laranja, eta Araban elurragatik ezarritako abisu horia ere bai. Gainera, 1. alerta egoera bertan behera utzi du, eta 0ra jaitsi du, baina ibaien arroak zaintzen jarraituko du gertutik.

Gipuzkoako Aldundiak bertan behera utzi du euriteengatik abian jarritako Larrialdi Plana, eguraldiaren iragarpenak prezipitazioek behera egingo dutela dioelako, Foru erakundeak ohar batean jakitera eman duenez.

Iragarpena ikusita, ibaien mailak behera egingo duela eta uholde arriskua murriztu egingo dela pentsatzen dute. Ondorioz, asteartetik martxan zegoen Krisi Mahaia ere eten egin dute.

Nafarroan alertak dirau, EAEn, berriz, ez

Nafarroako lau herrik (Funes, Andosilla, Mendavia eta Castejon) alerta egoeran jarraitzen dute larunbatean, Arga, Ega eta Ebro ibaiek gainezka egiteko arriskuagatik, azken egunotan emariak zeharo gora egin eta gero, Foru Erkidegoan izandako euriteengatik.

Gaurko 11:30ean, honako emariak zenbatu dituzte: Arga ibaiak Funes parean 647,4 metro kubiko segunduko; Egak Andosillan 173,39; Ebrok 1.011,5 Mendavian eta 1.981 Castejonen.

Gainera, Ebroren mailak goi goian jarraitzen du Nafarroan zeharkatzen dituen azken herrietan; hori dela eta, gainezka jarraitzen dute Tuterako Alde Zaharreko kaleek, eta Buñuelen ostiraleko azken orduetan hustutako etxebizitzek. Gauean, ez da aparteko gertaerarik izan, nahiz eta hainbat errepidek moztuta eta kaltetuta jarraitzen duten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak amaitutzat eman du Euskadiko Uholdeei aurre egiteko Plana ere, ibaien ibilguen egoera eta datozen egunotako iragarpena aztertu eta gero.

Jaurlaritzak atzo desaktibatu zuen euriteen ondorioz Gipuzkoan ezarritako alerta laranja eta Araban aktibatutako abisu horia, elurragatik, maila 1.000 metroren bueltan baita.

Otsailik euritsuena

Oraingoz, euria egiten jarraituko du, baina egunaren amaieran atertuko du. Euskalmetek baieztatu du azken 34 urteetako otsailik euritsuena dela aurtengoa.

Gipuzkoako hiriburuan, ura gerriraino iritsi da gaur goizean El Pilar auzunean, Martutenen, eta suhiltzaileak ontziak eta lur orotako ibilgailuak erabiliz ari dira oraindik herritarrak ebakuatzen. 150 baino gehiago atera dituzte dagoeneko.

Nolanahi ere, Juan Karlos Izagirre alkateak Martutenetik bertatik azaldu duenez, "okerrena pasatu egin da jada" eta "aurreikuspenak positiboak dira".

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak, Donostiako alkatearekin batera, Martutene bisitatuko du larunbat honetan, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Era berean, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Ana Oregi Ingurumen sailburuak bisitan parte hartu dute. Ondoren, lehendakaria Trespondera (Araba) joango da egoera aztertzeko.

Urumeak 06:30ean izan du maila gorena. Harrezkero, baina, behera egin du eta dagoeneko 20 zentimetro inguru galdu ditu. Gainera, Añarbeko urtegia ur gutxiago botatzen hasi da.

Hori horrela, Martutene eta Txomin-Enea auzoak alertan izango dira, Krisi Mahaiak egoera aztertu eta beste erabaki bat hartu arte.

Atzo etxetik atera zituzten 30 bizilagunen kasuan, gehienek beste gau bat igaro beharko dute bart lo egin duten hotelean.

Uholdeek kaltetutakoen arretarako zerbitzua martxan egongo da 16:00etatik 22:00etara, Etxarrienen. Dena dela, kaltetuek aseguru etxeekin jarri behar dute harremanetan, eta kalteen argazkiak atera.

Nafarroa

Tuteran ere uholdeak daude alde zaharreko hainbat kaletan eta Iruñea eta Zaragoza lotzen dituen errepidean, Ebro ibaia oso handituta baitator. Lanera joateko, suhiltzaileen laguntza behar dute bizilagun askok.

Udala zakuak jartzen ari da arrisku gehieneko lekuetan, eta zaborra astelehena arte etxetik ez ateratzeko eskatu die herritarrei, edukiontziak kendu egin baitituzte. Halaber, sarbideak eta Ribotaseko kiroldegia itxi egin ditu, eta Udaltzaingoaren egoitza Udaletxera eraman dute.

Erribera osora zabaldu da alerta egoera. Castejonen, ibaiak 7,8 metroko maila hartu du, eta segundoko 2.400 metro kubikoko emaria du.

Hala eta guztiz ere, Nafarroank okerrena "pasatu" egin dela nabarmendu du Javier Morras Barne kontseilariak.

Foru Gobernuaren helikoptero batek kaltetutako eremuak gainbegiratuko ditu gaur, lehen balantze bat egiteko.

Bestalde, errepideen sare nagusian, hiru itxita daude oraindik: N-113, Castejonen; N-135, 46. eta 61,5. kilometroen artean; eta NA-30, Landaben industrialderako sarbidean.

Bigarren mailako sarean, hainbat errepide daude itxita. Horregatik, ibilgailua hartu baino lehen, navarra.es webgunea kontsultatzea aholkatu du Nafarroako Foru Gobernuak.

Martutene. Donostia. uholdeak. inundaciones. EFE

Uholdeak Martutenen. EFE

Aparteko laguntzen eskaera Espainiako Gobernuari

Nafarroako Gobernuak aparteko laguntzak eskatu dizkio Espainiakoari uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, eta Ebro ibaiaren arroa berehala garbitzeko exijitu dio. Urtarrilean izandako uholdeetarako emandako laguntzekin batera gehigarri bat emateko eskatu du.

Jose Javier Esparza Ingurugiro, Nekazaritza Garapen eta Herri Administrazio Kontseilariak eman du eskaeraren berri, uholdeek gehien kaltetutako eremuetara egin duen bisitan.

Azaldu duenez, Errioxarekin eta Aragoirekin batera, Ebroren arroa garbitzeko deia egin diote Estatuari, eta horretarako izapideak "bizkortzeko" eskatu diote Ministerioari.

Horren harira, ibaien gorakada galaraztea ezinezkoa dela aitortu du, baina "arroa garbitzeak kalteak murriztuko lituzke, ezbairik gabe", Esparzaren esanetan.

Hildako bat traktore istripuz, Fustiñanan

Gizonezko bat hil da gaur traktore istripuz Fustiñanan (Nafarroa), urak hartutako lur eremu batean, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.

Gertakaria zerk eragin duen ez badakite ere, Foruzaingoak esan du balitekeela heriotza berezkoa izatea.

Familia bat erreskatatu dute Andoainen

Gertakizunen alorrean, senar-emazte batzuk eta horien semea erreskatatu behar izan dituzte Andoainen (Gipuzkoa), lur-jausi baten ondorioz baserrian harrapatuta geratu baitziren.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, lur-jausia 09:00etan gertatu da, eta Erreka Ondo Etxearen gainean, Goiburu auzoan.

Ertzaintza, Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira, eta baserriaren barruan zeuden hiru pertsonak erreskatatu dituzte.

Tolosan ere lur-jausi bat izan da, 10:00etan, gasolindegi baten gainean, baina une horretan hutsik zegoen.

Lur-jausia Doneztebe (Josetxo Apezteguia)

Lur-jausi bat Donezteben. Argazkia: Josetxo Apezteguia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak albisteak Eguraldia Bilbao