Gizartea -

Garoña-ko zentral nuklearra

Ehunka lagunek Garoña behin betiko ixteko eskatu dute Gasteizen

'Araba Garoñarik gabe' plataformako bozeramaileak ohartarazi du zentral nuklearraren balizko irekierak arriskuan jarriko dituela inguruan bizi direnen segurtasuna, bizitza eta garapena.

Garoña behin betiko ixtea eskatu dute Gasteizen. Argazkia: EFE
Garoña behin betiko ixtea eskatu dute Gasteizen. Argazkia: EFE
Garoñako irekieraren aurkako manifestazio jendetsua, Gasteizen

0:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagun bildu dira gaur Gasteizen "Araba Garoñarik gabe" plataformak deitutako manifestazioan parte hartzeko. Santa Maria de Garoña Burgoseko udalerrian kokatutako zentral nuklearra behin betiko ixteko eskatu dute manifestariek.

Manifestazioa arratsaldeko 19:00etan abiatu da Andra Mari Zuriko plazatik, euripean. Gaurko martxak bat egin du Garoñarekin lotutako data berezi batekin: izan ere, datorren martxoaren 2an 44 urte beteko dira zentral nuklearra martxan jarri zutenetik.

Hainbat eragile sozial eta politiko izan dira bertan, tartean, euskal sindikatuak, lehen alorreko elkarte nagusiak, osasun saileko profesionalak, Arabako hainbat mugimendu sozial, Arabako hainbat alkate, EHUko Arabako campuseko 50 bat irakasle, eta EAJ, PSE-EE eta Bilduko zenbait ordezkari (udal eta foru erakundeetakoak).

Bestalde, PPko zein UPyDko ordezkariek ez dute manifestazioan parte hartu.

Alberto Frias "Araba Garoñarik gabe" plataformako bozeramaileak azpimarratu duenez, jende multzo izugarri batek Gasteizko kaleak beteko ditu, Garoña berriz irekitzeko aukerak sortutako "alarma sozialari" erantzunez. Halaber, manifestazioan erakutsitako batasun irudia nabarmendu du.

"Araba Garoñarik gabe" plataformako bozeramaileak ohartarazi du zentral nuklearraren balizko irekierak arriskuan jarriko dituela inguruan bizi direnen segurtasuna, bizitza eta garapena. Horren aurrean, Garoña berriz irekitzea saihesteko mahai gainean "benetako osagaiak" jartzeko eskatu die alderdi politikoei.

Garoñako zentral nuklearra (Burgos) Arabako mugatik gertu dago eta Espainiako zentral nuklearrik txikiena eta zaharrena da. Dena den, 2012ko abenduaz geroztik geldirik dago Nuclenorrek hala erabaki zuelako. Garoñaren jabeak arrazoi ekonomikoak aipatu zituen erabakia argudiatzeko, zehazki, energia nuklearrari ezarritako zerga berria. Gerora, Nuclenorrek iritziz aldatu zuen eta beste 17 urtez Garoña martxan mantentzeko lizentzia eskatu zuen. Orain, Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak hartu beharko du Garoñari buruzko erabakia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba