Gizartea -

Martxoaren 1etik aurrera

Eskuko ekipajearen gaineko kontrol estuagoak, Espainiako aireportuetan

Europako Batzordeak hartutako erabakiaren ondorio da neurria, eskuko ekipajea sar litezkeen gailuen mehatxua murrizteko helburuz.

Gaurtik aurrera, ikuskapen gehiago daude aireportuetan

1:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ilea lisatzeko plantxei, lehorgailuei eta pilen bidezko jostailuei ere egindako kontrolak areagotuko dizute Espainiako aireportuetan gaurtik, igandea, aurrera, eskuko ekipajeetan baldin badoaz. Neurria Europa mailan hartutako erabaki baten ondorio da, segurtasun neurriak indartzeko helburuarekin.

Hala, baliteke aireportuetako bidaiariei azterketa berri bat egitea, Europako 2015/187 arauan oinarrituta, Aena behartuta baitago lehergailuen arrastoak antzemateko kontrolak jartzera martxoaren 1etik aurrera. Neurria abian jartzean 17 milioi euroko kostua ekarriko du.

Europako araudiaren arabera, azkenaldian bildutako datuek erakutsi dute nazioarteko terroristek lehergailuak eskuko ekipajean ezkutatzeko modu berriak garatu dituztela eta, hori dela eta, Europako Batzordeak kontrolak areagotzea erabaki du.

Helburua, eskuko ekipajearekin sar litezkeen gailuen mehatxua murriztea. Araudiak dio eskuko ekipajean ordenagailu mugikorrak eta bestelako gailu elektronikoak baldin badaude, bigarren azterketa egin beharko zaie.

Bestalde, momentuz indarrean jarraitzen du eskuko ekipajean likidoak eramatearen gaineko arauak, Europar Batasuneko aireportuetan, behintzat. Horren arabera, ezin dira inolako likidoren, kremaren, gelen edo antzekoren 100 mililitro baino gehiago eraman. Likidoak eramaten baldin badira, plastikozko poltsa batean (litro batekoa, gehienez) joan beharko dute, eta ireki eta ixteko aukera izan behar dute aztertzaileek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportuko Albisteak Europako herrialdei buruzko albisteak