Gizartea -

CIS

Ustelkeriarekiko kezkak behera egin du eta baikortasunak, berriz, gora

CISek egindako galdeketaren arabera, langabezia da oraindik ere hiritarren arazo handiena. Bestalde, espainiarrek egoera ekonomikoari buruz dituzten espektatibak hobetu egin dira.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako hiritarrek ustelkeriarekiko duten kezkak zazpi puntu egin du behera hilabetean, CIS etxeak egindako azken barometroaren arabera. Bestalde, espainiarrek egoera ekonomikoari buruz dituzten itxaropenak hobetu egin dira.

CISek egindako azken galdeketaren arabera, langabezia da oraindik ere hiritarren kezka iturri nagusia, ustelkeriaren, ekonomiaren, politikarien eta alderdi politikoen, osasunaren eta hezkuntzaren aurretik. Halaber, hazi egin da inkestan parte hartu dutenek osasunarekiko eta hezkuntzarekiko duten egonezina.

Hala ere, hiritarrek egoera ekonomikoarekiko duten iritziak hobera egin du; izan ere, jaitsi egin da okerrera egingo duela pentsatzen dutenen kopurua eta igo, berriz, hobetu egingo dela pentsatzen dutenena.

Otsailaren 2tik 11ra bitartean CIS etxeak estatu espainiarrean egin duen galdeketaren arabera, arazoen zerrenda horretan langabezia dago lehen postuan (% 78,6; % 79,4koa zen aurreko barometroan), ustelkeriaren aurretik (% 48,5; % 55ekoa zen aurreko barometroan).

Zerrenda horretako hirugarren eta laugarren postuan kokatu dira, hurrenez hurren, izaera ekonomikoko arazoak (% 24,9) eta politikariak eta alderdi politikoak. Azken gai horrekiko kezkak 1,7 puntu egin du behera eta % 20,1ekoa da orain.

Bestalde, osasunarekiko, izaera ekonomikoko arazoekiko eta hezkuntzarekiko kezkak gora egin du, hurrenez hurren, % 12,1era, % 10,5era eta % 9,5era heldu arte.

Independentisten kopuruak behera egin du

Autonomia erkidegoei independentzia lortzeko aukera aitortzen dien Estatu baten edo autonomia erkidegorik gabeko Estatu baten alde egiten dutenen kopurua jaitsi egin da otsailean, urtarrilarekin alderatuta, CIS etxeak egindako galdeketaren arabera.

Beren burua independentistatzat jotzen dutenen kopurua % 9,6tik % 8,6ra jaitsi da, eta baita autonomia erkidegoak desagertzea eskatzen dutenena ere (% 19,2tik % 16,6ra).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea