Gizartea -

'Euskal Y'

AHTa gelditzea edo ohiko tren bihurtzea aholkatu du aditu batek

David Hoyosen arabera, AHTa ez da baliagarria izango trafikoa arintzeko eta, gainera, "sozialki bideragarria izateko" 25 euroan saldu beharko dira txartelak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Hoyos Ekonomia irakasle eta ikertzaileak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanekin aurrera jarraitu ala ez aztertzeko deia egin du eta, aurrera jarraitzea erabakiz gero, ohiko tren bihurtzea aholkatu du.

Hoyosek Eusko Legebiltzarreko Ingurugiro batzordean egin du gaur agerraldia, German Bel i Queralt Ekonomia irakasle eta ikertzailearekin batera. Abiadura handiko trenbide sareen ingurugiro, ekonomia eta gizarte errentagarritasunaz iritzia eman dute biek.

Hoyosek azpimarratu du Espainiako Estatuan martxan dauden ibilbideetatik bat bera ere ez dela sozialki errentagarria, eta EAEkoa ere ez dela izango ohartarazi du. Bere ustez, "Euskal Y" ez da baliagarria izango trafikoa arintzeko eta, gainera, ohiko trenari bidaiariak kenduko dizkio.

Hoyosek argi adierazi du abiadura handiko trena ez dela "alternatiba berdea", eta negozio bidaietarako dagoela diseinatuta; hau da, herritar gehienek ezingo diotela aurre egin bidaia-txartelaren prezioari.

"Negozioaren ikuspuntutik, 'Euskal Y' ez zen egin behar, baina erdibidean gaude. Galdera orain ez da euskal gizarteak zenbat irabaziko duen horren erabilerarekin, baizik eta zenbat galtzeko prest dagoen", azpimarratu du Hoyosek, Frantziarekiko eta Espainiarekiko loturak oraindik ez daudela bermatuta gogorarazi aurretik.

Haren esanetan, proiektua berraztertzeko "astia" dago. Horren harira, erakundeei lanak bertan behera uzteko aukera aztertzea aholkatu die. Aurrera jarraitzea erabakiz gero, ohiko tren bihurtzea eta tarteko geltokiak jartzea proposatu du.

Adifen asmoa hori izan daitekeela uste du, Espainiako Gobernuak ibilbideen iraupena nabarmen luzatu ostean. Izan ere, Madrilek esan du Bilbotik Gasteizera joateko 43 minutu beharko direla (hasieran 28 minutuan egin nahi zuten), eta 55 beharko direla Donostiatik EAEko beste bi hiriburuetara joateko (lehen Gasteiza 34 minutu eta Bilbora 38 minutu).

"Joan-etorri bakoitzari 20 minutu gehitzeak atzean uzten ditu denbora aurrezteko aukera eta finantza eta gizarte errentagarritasuna", berretsi du Hoyosek. Gainera, adituak kalkulatu du 25 euroko bidaia txartelak jarri beharko liratekeela "sozialki bideragarria" izateko.

Bestalde, German Bel i Queraltek abiadura handiko trenak munduan duen errentagarritasunari buruzko gogoeta egin du, eta eskaintzan Espainiako Estatua "buru" dela, baina eskarian "atzean" geratzen dela jakinarazi du. Errentagarritasun ekonomikoari dagokionez, "inbertsioaren euro bat bera ere ez" dela berreskuratzen eta "gainkostua itzela" izan dela adierazi du.

Munduan bi ibilbide bakarrik omen dira errentagarriak, bat Japonian eta beste bat Frantziako Estatuan. Lehenengoak 150 milioi bidaiari ditu urtean, eta bigarrenak 25 milioi, eta Espainiako Estatuko sare guztiak 28 milioi erabiltzaile ditu urtean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea