Gizartea -

Emakumearen Nazioarteko Eguna

Milaka lagunek berdintasuna aldarrikatu dute Hego Euskal Herrian

"Euskal Herria feminismotik eraikitzen" lelopean, emakumearen eskubideak defendatzeko manifestazioak izan dira igande honetan euskal hiriburuetan.

Hainbat manifestazio izan dira Hego Euskal Herrian, martxoak 8 egunaren harian. Argazkia: EiTB
Herri eta hirietan, orotariko ekitaldiak emakumeen egunean

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek kaleak hartu dituzte igande honetan, Emakumezkoaren Nazioarteko Egunaren harian, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izandako manifestazioetan parte hartzeko.

Euskadiko Koordinakunde Feministak "egun oraindik emakumeok pairatzen dugun diskriminazioa" salatu du, "egungo krisi ekonomikoan bereziki".

Bilbo

13:00etan abiatu da Bilboko martxa, Arriaga Plazatik, "Euskal Herria feminismotik eraikitzen" lelopean. Hainbat ordezkari politiko izan dira bertan, tartean, PSE-EEko, EH Bilduko eta Ahal Duguko kideak.

Manifestazioan sexu-erasoaren aurkako oihuak entzun dira, eta manifestua irakurri dute martxaren bukaeran.  Emakumeak "kaleak hartzeko" deia egin dute, berdintasuna lortzeko, eta emakumeak pairatzen duen "diskriminazioa salatzera" animatu dute, krisi garaietan latzagoa baita.

Zuriñe del Cerroren irudiko, emakumeek ezin dute euren eskubideen aldeko borroka bertan behera utzi, taldean antolatu behar dira, "paperetan dena oso ondo idatzita badator", errealitatean berdintasunik existitzen ez delako. "Eskubideak borrokarekin lortzen dira, ez dizkigute oparituko", gaineratu du.

Halaber, Emakumeen Nazioarteko Martxan parte hartzeko deia egin du Cerrok (gaur hasi eta datorren urriaren 17an amaituko da), "pobreziaren feminizazioaren aurkako borroka sinbolizatzeko".

Gasteiz

1.400 herritar inguru izan dira gaur Gasteizen izandako manifestazioan, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna eskatzeko. Martxa San Anton Plazan hasi da, eta jai-giroa izan da nagusi, batukada batek martxa alaitu baitu.

Manifestazioaren buruan pankarta eraman dute, "Euskal Herria Feminismotik eraikitzen" eta "Aldaketa feminista izango da, bai ala bai" leloekin. Feminista taldeko lila koloreko banderak izan dira ikusgai.

Hainbat eragile sozial eta politiko izan dira bertan, tartean, Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusia, Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidea, Miren Larrion Gasteizko Alkatetzarako EH Bilduko hautagaia eta Maite Berrocal PSE-EEko zinegotzia.

Hala ere, mobilizazioaren protagonistak herritarrak izan dira, emakumezkoentzako aldarrikapenak eskatzeko Gasteizko kaleak bete dituztelako.

Donostia

Donostian, berriz, manifestazioa Boulevardetik abiatu dute, gainerako hiriburuetan erabilitako lelo berdinarekin. Gainera, islamofobiaren aurkako pankartak izan dira ikusgai.

Iruñea

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harian igande honetan Iruñean izandako manifestazioan izan dira ehunka lagun. Bertan bildutakoek emakumeen parte-hartzea aldarrikatu dute, horien ustez, "aldaketa feminista izan behar delako, bestela ez da aldaketarik izango".

Martxoak 8ko Koordinadora Feministak deitutako manifestazioa eguerdian abiatu da Iruñeko Gaztelu Plazatik. Martxaren leloa "Euskal Herria feminismotik eraikitzen, aldaketa feminista izango da bai ala bai" izan da.

"Urtero bezala, gure eskubideak kalean aldarrikatzera behartuta ikusten dugu geure burua", esan du Iratxe Alvarez, ESK-ko eta Martxoak 8ko Batzordeko kidea, manifestazioa hasi aurretik.

"Biztanleriaren % 50 gara, eta gure ahotsa entzuna izatea nahi dugu", adierazi du, "gainera, emakume bakoitzak bere gorputzaren gainean erabakitzeko eta sexualitateaz askatasunez gozatzeko eskubideak ere aldarrikatu nahi ditugu".

Bestalde, Alvarezek azpimarratu duenez, politika neoliberalek eta murrizketek "eragin bikoitza" dute emakumeengan, "prekarietate eta pobrezia handiagoa pairatzen baitute".

Manifestazioaren leloari aipamena eginda, Iratxe Alvarezek esan duenez, "ematen du Nafarroan aldaketa posiblea dela, eta hori aurrera aterako dutenek argi izan behar dute aldaketa hori emakumeokin egin behar dugula, "aldaketa feminista izan baita, bestela ez da aldaketarik izango".

Hiriko hainbat kaletatik igaro ostean, manifestazioa Gaztelu Plazan berriro amaitu dute. Martxan zehar hainbat lelo izan dira entzungai: "enplegua nahi dugu, lana soberan baitugu", "enplegu prekarioa, enplegu subsidiarioa", "ikastetxetan irakatsi dezatela etxeko lanen banaketa", "ospitaletan abortatu nahi dugu".

Halaber, sexu-erasoen aurkako eta borroka feministaren aldeko oihuak ere entzun dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea