Gizartea -

Prostituzioa

Bartzelonako epaile batek lan-eskubideak aitortu dizkie prostitutei

Epaia irmoa balitz, prostituzio ez behartuan aritzen diren emakumeek gainerako langileen eskubide berdinak izango lituzkete.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte arloko epaile batek lan-eskubideak aitortu dizkie prostituzio-etxeetan prostituzio ez behartuan aritzen diren emakumeei, hala nola langabezia-saria jasotzea eta Gizarte Segurantzan kotizatzea.

La Vanguardia egunkariak jakinarazi duenez, epaia ez da irmoa oraindik, aldeek helegitea jar dezaketelako Kataluniako Auzitegi Nagusian, baina proxenetak prostitutei kontratuak eskaintzera behartuko ditu (helegiterik jarri ez edo horrek aurrera egin ezean).

Kazetaren esanetan, erabaki judizialak "polemika" sortuko du; izan ere, gaur egun bi joera kontrajarri daude Europan gai honetan: prostituzioa guztiz debekatzea, Suedian bezala, edo praktika hori arautzea, Alemanian egin duten tankerara.

Epaia ofizioz publikatu du epaileak, Bartzelonan masajeak eskaintzen dituen zentro batean egindako ikuskapen baten harian, zerbitzu sexualak ere ematen baitzituzten bertan.

Epaia irmoa balitz, prostituzio-etxeetan prostituzio ez behartuan aritzen diren emakumeek gainerako langileen eskubide berdinak izango lituzkete, hala nola kontratua, Gizarte Segurantza, pentsioa, osasun publikorako sarbidea eta langabezia-saria.

Gizarte Segurantzak zerbitzu sexualak eskaintzen zituzten emakumeen kuotak eskatu dizkio jada Bartzelonako zentroari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona bideoak