Gizartea -

Ezbehar larria Nafarroan

Pertsona bat hil da Erriberrin, auto eta kamioi baten arteko talkan

Istripua 13:00ak aldera gertatu da N-121 errepideko 47. kilometroan. Kamioilaria onik atera da eta hildakoa autoko bidaiari bakarra da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat hil da gaur, istripu batean, Erriberrin (Nafarroa). Auto batek eta kamioi batek aurrez aurre talka egin dute errepide tarte zuzen batean. Hildakoa 80 urteko Pitillaseko bizilagun bat zen.

Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, ezbeharra 13:00ak aldera gertatu da N-121 (Iruñea-Tutera) errepideko 47. kilometroan.

Kamioilaria onik atera da eta hildakoa autoko bidaiari bakarra da. Une honetan, Tuterako noranzkoa itxita dago eta errepidea garbitzen ari dira. 31 urteko kamioilaria Tuterakoa da.

Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetako Kudeaketa Zentroak suhiltzaileak, zonaldeko guardiako talde medikoa eta Foruzaingoa bidali ditu.

Tuterako Polizia-etxeko Atestatuen Dibisioa gertakaria ikertzen ari da. Gorpua Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Institutura eraman dute autopsia egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Nafarroa gaur Erriberri azken ordukoa