Gizartea -

Abiadura Handiko Trena

Europar Batzordeak dio normalak direla AHTko lanen atzerapenak

Hala ere, Cramer Garraio arduradunak kritikatu du EBko dirua "proiektu nazionaletara" bideratzen dela, eta gogorarazi du Frantziari presioa egiten diotela, Hendaiara arteko zatia eraiki dezan.

Cramer eta euskal ordezkaritza. Argazkia: Efe
Cramer eta euskal ordezkaritza.
Cramer eta euskal ordezkaritza. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michael Cramer Europako Parlamentuko Garraio Ordezkaritzako presidentea Euskal Herrian da bisitan, eta esan du normala dela Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak atzeratu izana, segurtasuna lehenetsi behar delako azkartasunaren gainetik.

Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuak Eusko Jaurlaritzak 'Euskal Y'aren alorrean egin duen kudeaketa babestu du, eta Espainiako Gobernuari berdin jokatzeko eskatu dio, Sustapen Ministerioak agindu baitzuen 2019rako martxan izango zela azpiegitura.

Bizkaiko Garraio Kontseiluaren egoitzan, Bilbon, emandako prentsaurreko batean, Cramerrek esan du proiektu handiak egiten direnean, atzerapenak ohikoak direla. Bestalde, "txundituta" agertu da AHTaren lanekin, tunel eta zubi kopuruagatik. Horren harira, azkartasunaren aurretik segurtasuna lehenetsi beharra dagoela azpimarratu du.

Hala eta guztiz ere, Cramerrek kritikatu du Europar Batasuneko dirua "proiektu nazionaletara" bideratzen dela, "nahiz eta behartuta egon balio gehigarria izango luketen mugaz gaindiko proiektuetara bideratzera".

Hala, 'Euskal Y'aren lanak 2019an amaitzen direnean, ez duela Frantziakoarekin eta Espainiakoarekin loturarik izango gogorarazi du, baina Europar Batasunaren finantziazioa duela Helsinki-Lisboa korridorearen zatia delako.

"Akatsetatik ikasi behar dugu, eta batekin nahikoa da", adierazi du eurodiputatu berde alemaniarrak. Zentzu horretan, gogorarazi du Frantziari presioa egiten diotela Hendaiara arteko zatia eraiki dezan, beste bi hamarkada barrurako aurreikusten baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea