Gizartea -

Ikuskizuna, itsasoan

Eguzki eklipsearen ondotik, 'mendeko marea'

Martxoaren 21ean, larunbatean, 17 metro egingo du gora itsasoak Ozeano Atlantikoko gune batzuetan. Euskal kostaldean ere marea biziak espero dira.

Mont Saint-Michelgo abadian urpean gera liteke. Argazkia: Wikipedia
Mont Saint-Michelgo abadian urpean gera liteke. Argazkia: Wikipedia

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 urtean behin gertatzen da, Lurra, Ilargia eta Eguzkia parean jartzen direnean. Halakoetan, itsasoak modu ikusgarrian egiten du gora, eta gertakari aparta den seinale, "mendeko marea" izena ipini diote fenomeno bitxi honi. Hain justu, larunbat honetan, martxoaren 21ean, eguzki eklipsea jazo eta biharamunean, izango dugu milurteko honetako lehen "mendeko marea".

Ozeano Atlantikoaren eta Ozeano Barearen kostaldean igarriko dute bereziki. Kanadan, Fundyko badian, onduko dute marka: itsasgorak 17 metro harrapatuko ditu. Frantzia iparraldean, Normandian, izango den itsasgora ere ez da makala izango: 14,15 metro. Mont Saint-Michel inguruan ohikoak dira marea biziak, baina larunbat honetakoa apartekoa izango da.

Kantauri Itsasoan ere eragina izango du Lurraren, Ilargiaren eta Eguzkiaren bategiteak eta marea biziak izango dira euskal kostaldean. Otsailean gertatu zen bezala, itsasbehera (goizekoa batez ere, 10:59koa) 0,01 metrotan kokatuko da eta agerian utziko ditu urpean egon ohi diren guneak. Itsasgorari dagokionez, 5,06 metrora igoko da itsas maila.

Orduko 3,60 metro igoko da itsasoa Saint-Michelen (Frantzia)

Meteofrance Frantziako Meteorologia Agentziaren datuen arabera, marea 14,15 metro haziko da, hots, lau solairuko etxebizitza baten pare. Arin egingo du gora, gainera: orduko 3,60 metro, hots, 15 minuturo, 90 zentimetro. Marearen koefizientea 119koa izango da larunbatean. Kontuan hartu behar da, batez beste 70koa izaten dela koefiziente hori eta mareen % 2k baino ez dutela 110ko muga gainditzen.

Normandiako agintariek turista uholdea espero dute larunbaterako. Ez da gutxiagorako: XI. mendean gain batean altxatutako Saint-Michelgo abadia urpean gera liteke. Frantziako Hidrografia Zerbitzuak (SHOM, frantsesez) kontuz ibiltzeko gomendioa eman du, eguraldi kaskarrak itsasgoraren fenomenoa handi dezakeelako. "Pertsonek korrika egin ahal dugun abiaduran baino arinago igoko da itsasoa", ohartarazi dute.

Larunbatekoa milurteko honetako lehen "mendeko marea" da. Azkena 1997ko martxoaren 10ean gertatu zen, eta 2033ko martxoaren 3ra arte itxaron beharko dugu aparteko gertakari honetaz gozatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea