Gizartea -

Mobilizazio soziala

Duintasunaren Martxek 'ogia, etxea eta lana' eskatu dituzte Madrilen

'Duintasunaren Martxa'ren ondoren izandako istiluetan, gutxienez, 17 lagun atxilotu dituzte, desordena publikoak eragitea egotzita.

Duintasunaren aldeko Martxaren bederatzi zutabek bat egin dute Madrilen. Argazkia: EFE
Murrizketen aurrean, janaria, lana eta etxebizitza eskatu dituzte

1:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duintasunaren Martxen bederatzi 'zutabeek' bat egin dute gaur Madrilgo Colon plazan "ogia, etxea eta lana" aldarrikatzeko. Estatuko hainbat lekutatik etorritako herritarrek osatu dituzte zutabe horiek. 18:00ak aldera bildu dira Colon plazan, eta manifestazio jendetsua abiatu dute orduan.

Horrela, Estatuko hiriburura itzuli dira Duintasunaren Martxak, desberdintasun soziala salatzeko eta herritar guztientzat zerbitzu publikoak defendatzeko asmoz. Gainera, "enplegu duina" eta oinarrizko errenta eskatu dituzte. Halaber, "legez kanpoko" zorraren ordainketa eta Europar Batasuna AEBekin negoziatzen dabilen merkataritza askearen ituna errefusatu dituzte.

Solfonica musika-taldearen emanaldiaren ostean hasi da manifestazioa. Ekitaldi jendetsua izan da, herritarrek parte hartu dute, baina baita alderdi politikok, sindikatuk eta bestelako elkartek.

Manifestua 18:15ak igarota irakurri dute. Ondoren, zutabeak ordezkatzen dituzten lagunak aurkeztu dituzte, bakoitzak 3 minutuko hitzaldia botatzeko aukera izan du. Amaitzeko, Solfonica musika-taldeak beste kanta bat abestu du, 20:45ak aldera.

'Herri-boterea eraikitzea'

2014ko martxoaren 22an manifestazio jendetsua ere izan zen. Hitzordu horren urtemugaren harian, antolatzaileak hiriburura itzuli dira hainbat aldarrikapen politikoekin, "boteretik kanporatzea" eta "herri-boterea eraikitzea", hain zuzen ere.

Zutabeak hainbat puntutatik etorri dira: Euskadi, Burgos eta Errioxa (1. bidea); Aragoi, Nafarroa eta Guadalajara (2. bidea); Murtzia, Valentzia, Gaztela-Mantxa eta Madrilgo Hego-ekialdea (3. Bidea); Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Madrilgo hegoaldea (4. bidea); Extremadura, Toledo eta Madrilgo Hego-mendebaldea (5. bidea); Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon (6. bidea); Kanariar Uharteak, Balear Uharteak, 'yayoflautak' eta Madrilgo erdigunea (7. bidea); Galiziatik etorritako trenak (8. bidea); eta Oroimen Historikoaren bidea.

300 bat elkartek eta eragile sozialek deitutako manifestazioa izan da gaurkoa. Halaber, datorren urriaren 22rako greba orokorra deitu dute, hauteskunde orokorrak izan baino lehen, Gobernuari "pultsua egiteko" asmoz. Izan ere, "Greba Orokorrera ibiltzen" izan da gaurko manifestazioaren leloetako bat.

Hainbat politikari izan dira bertan, tartean, Izquierda Unida, Podemos edo Equo alderdietakoak. Aurretik manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten alderdi horien ordezkariek.

Gutxienez 17 pertsona atxilotu dituzte Madrilen, desordena publikoak eragitea egotzita

Gutxienez, 17 lagun atxilotu dituzte Madrilen desordena publikoak eragitea egotzita, Poliziaren iturriek emandako iturrien arabera. Halaber, beste berrogeita hamar inguru identifikatu dituzte.

Iturri horiek baieztatu dutenez, atxilotuak Moratalazeko polizia etxera eraman dituzte eta deklaratu ostean erabakiko dute aske utziko dituzten edo epailearen aurrera eramango dituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea