Gizartea -

Eguneko albisteak

Martxoaren 25eko albisteak

Egunari ekin aurretik ezagutu beharreko bost albisteak.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tragedia Alpeetan

150 lagun zeramatzala, Frantziako Alpeetan atzokoan amildu zen Airbus 320aren zatiak topatzeko lanei ekin diete goizean goizetik erreskate taldeek. Bartzelona-Dusseldorf bidea egiten ari zen Germanwings konpainiaren hegazkina eremu menditsu batean erori zen, oraindik argitu ez dituzten arrazoiak tarteko. Inongo larrialdi mezurik bidali gabe, zortzi minutuz amiltzen egon zen aparatua, radarretik desagertu eta lurra jo zuen arte. François Hollande, Angela Merkel eta Mariano Rajoy Frantziako, Alemaniako eta Espainiako gobernuburuak istripua izan den eremura joango dira gaur. Espainiako Estatuan deitu dituzten hiru dolu egunetako lehenengoa da honakoa.

Guardia Zibilak lau lagun atxilotu ditu 'Pastor' operazioa

Presoen aldeko taldeen kontrako operazioa abiatu du goizean Guardia Zibilak, eta lau lagun atxilotu ditu EAEn eta Nafarroan. Agentzien arabera, 'Mate' operazioaren segida da gaur egin duten 'Pastor' izenekoa. Urtarrilean egindako operazioan, presoen abokatu batzuk hartu zituzten atxilo; gaurkoan, berriz, Etxerateko hainbat kide atzeman dituzte.

MAM-eko argazkia: urkullu-etxerat_

Nagore Lopez de Luzuriaga (argazkian, ezkerrean), gaur atxilo hartutako bat, Etxeratek lehendakariarekin egindako bileran izan zen. Argazkia: EFE

Urkullu eta Rajoy, aurrez aurre, Gasteizen

Alpeetako hegazkin-istripuaren berri Gasteizen izan zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Arabako hiriburuan zen gobernuburua, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren lehen harria jartzeko ekitaldian. Iñigo Urkullu lehendakaria ere izan zen bertan, eta bakearen eta bizikidetzaren inguruan bi buruzagiek dituzten desadostasunak agerian geratu ziren. Gasteizen egin asmo zituenak bertan behera utzi baino lehen, hitzaldia eman zuen Rajoyk Memoriala hartuko duen eraikinean. Rajoyren esanetan, Gobernuak ETAren kontra "jarrera irmoa" izaten jarraituko du, eta "ETA desagerrarazteko bidean, hausturarik gabeko batasuna" eskatu zien "demokrata guztiei". Oso bestelako estrategia bat erabiltzearen alde agertu zen atzo lehendakaria: "Estatu politika berria" aldarrikatu zuen bakea egonkortzeko eta bizikidetza sendotzeko.

Arnaldo Otegi aske uztea eskatu dute

Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia aske uzteko eta euskal presoak Euskal Herrira hurbiltzeko agiria izenpetu dute nazioarteko 24 agintari eta eragile ezagunek. Aldarria Europako Parlamentuan aurkeztu zuten Fermin Muguruza musikariak, Brian Currin bitartekariak eta Martina Anderson Friendshipeko kideak. Besteak beste, hauek daude agiria sinatu dutenen artean: Jose Mujica Uruguayko presidentea, Fernando Lugo Paraguaiko gobernuburua, Jose Manuel Zelaya Hondurasko presidentea, Adolfo Perez Esquivel Nobel sariduna, Nora Morales de Cortiñas Argentinako Maiatzeko Plazako Amak elkarteko sortzaileetako bat, Ahmed Kathrada Hegoafrikako apartheidaren kontrako buruzagia eta Desmond Tutu Hegoafrikako artzapezpikua.

Gaur argituko dute: Non jokatuko da Errege Kopako finala?

Espainiako Futbol Federazioak zer esango duen zain adi egongo dira gaur Athletic eta Bartzelona taldeen zaleak. Izan ere, gaur argituko dute Errege Kopako finala zein zelaitan jokatuko den, maiatzaren 30ean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak