Gizartea -

Alpeetako hegazkin istripua

2009an bere 'depresio larriaren' berri eman zion Lubitzek Lufthansari

A320 hegazkineko biktimen gorpuzki guztiak berreskuratu dituztela esan du Frantziako Jendarmeriak. Hegazkinean zihoazen 150 pertsonak aste honetan identifikatuko dituztela ziurtatu du Hollandek.

Andreas Lubitz kopilotua. Artxiboko irudia: EFE
Andreas Lubitz kopilotua. Artxiboko irudia: EFE
Andreas Lubitz kopilotua. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

?Depresio larri bat? gainditu zuela jakinarazi zion 2009an Andreas Lubitz kopilotuak Lufthansako hegaldi eskolari. Kopilotuak ustez hegazkina nahita amildu zuen Alpeetan. Bere prestakuntza zenbait hilabetetan eten behar izan zuen Lubitzek.

Barne ikerketak egin eta Düsseldorfeko Fiskaltzari Lubitzen hezkuntzari eta historia medikoari buruzko dokumentu gehiago igorri ostean eman du horren berri gaur Alemaniako airelineak. Hegaldi eskolaren eta kopilotuaren arteko mezu elektronikoak bildu ditu konpainiak, bertan esandakoak aztertzeko.

Tragediaren eragilea Alemaniako kopilotua izan zela adierazi zuen Frantziako Fiskaltzak. Ondoren, pilotu gazteak bere trebakuntza 2009an eten egin zuela jakitera eman zuen Cartsen Spohr Lufthansako presidenteak, baina arrazoiak zehaztu barik.

Zenbait hilabeteko geldialdi horren ostean, hegan egiteko ziurtagiria eman zioten medikuek Lubitzi, airelineak azpimarratu zuenez.

Gazteak prestakuntzari berriz heldu zionean, hegaldi eskolak eta Lubitzek posta elektronikoz elkarri bidalitako mezuak igorri dizkio Lufthansak Alemaniako Fiskaltzari.

Depresio larria gainditu zuela egiaztatzeko agiri medikoak bidali zizkion kopilotuak eskolari, Lufthansaren esanetan.

Biktimen gorpuzki guztiak berreskuratu dituzte

Germanwings konpainiaren A320 hegazkineko biktimen gorpuzki guztiak berreskuratu dituztela esan du gaur Frantziako Jendarmeriak. ?Zonaldeko gorpu guztiak berreskuratu ditugu?, azaldu du Jendarmeriaren bozeramaileak.

Orain bidaiarien gauzak eta bigarren kutxa beltza berrekuratzea izango da lehentasuna. Bidaiarien gauzak baliagarriak izan daitezke gorpuak identifikatzeko, erantsi du.

Istripuaren tokia garbitzeko ardura Lufthansa konpainiak hartuko duela gaineratu du.

Erreskatea Alpeetan hegazkina. EFE

Argazkia: EFE

Iragan astean Alpeetan amildu zen Germanwings konpainiaren hegazkinean zihoazen 150 pertsonak aste honetan identifikatuko dituztela ziurtatu du Francois Hollande Frantziako presidenteak astearte honetan.

?Frantziako Barne ministroak baieztatu duenez, berandu jota aste bukaeran, biktimak identifikatzea posible izango da, egindako DNA laginei esker?, adierazi du Hollandek prentsaurrekoan. Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Frantziako buruzagiaren ondoan izan da; izan ere, Ministroen Kontseilu bateratua egin dute Berlinen.

Behin betiko emaitzak izateko bi-lau hilabete beharko zituztela adierazi du Jendarmeriak orain arte. Are gehiago, gorpuen egoera zela eta, biktima batzuk identifikatzea ezinezkoa izango zela ohartarazi zuen.

Senitartekoei kalte-ordaina emateko 279 milioi gorde ditu Lufthansak

Bestalde, Lufthansa taldearen aseguru-etxeek 279 milioi euro gorde dituzte 4U9525 hegaldiko biktimen senideei kalte-ordaina emateko, Handelsblatt Alemaniako egunkariak jakitera eman duenez. Hegazkina martxoaren 24an amildu zen Frantziako Alpeetan.

Bartzelona eta Düsseldorf lotu behar zituen hegaldi tragikoan hil ziren 150 lagunen familiei kalte-ordaina emateko funtsa sortu du Lufthansa taldeak, Alemaniako egunkari horren arabera.

Gordetako diru-kopurua kalte-ordainak emateko eta A320 hegazkinaren galera ordaintzeko erabiliko dute.

4U9525 hegaldiko biktimen familiei 50.000 euro ?berehala? ordainduko dizkietela azaldu zuen Oliver Walter Germanwingseko Operazio zuzendariak astelehenean.

Azken segundoak, hegazkin barruan

Hegazkinaren hondakinen artean ezbeharra izan aurreko azken segundoak jazotzen dituen bideo bat berreskuratu dutela zabaldu du Bild Alemaniako egunkariak. Paris Match Frantziako aldizkariarekin batera, grabazioa ikusteko aukera izan duela ziurtatu du egunkariak. Irudiak hegazkinaren barruan hartutakoak omen dira, baina ez dira argiak eta ezin da inor identifikatu.

Egunkariaren arabera, ikerketako pertsona batek berreskuratu du bideoa, eta hegazkinaren atzealdean grabatu zuen bidaiari batek edo tripulazioko kideren batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
François Hollande bideoak