Gizartea -

Ipar Euskal Herria

Iparraldean euskara sustatzeko 400.000 euro bideratu ditu Jaurlaritzak

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Francois Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak bi erakundeen arteko akordio markoa sinatu dute 2011-2016 aldirako.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen Erakunde Publikoarekin batera sortutako funtsari 400.000 euroko ekarpena egingo dio Eusko Jaurlaritzak, Ipar Euskal Herrian euskara sustatzen duten erakundeei laguntzeko.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Francois Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak bi erakundeen arteko akordio markoa sinatu dute gaur, Baionan, 2011-2016 aldirako.

2015ean aurrera eraman beharreko ekimenak zehazten ditu eranskinak. Besteak beste, 1.600.000 euroko lankidetza funtsa sortuko dute, bi aldeetako ekarpenekin, Iparralden euskararen erabilera sustatzeko proiektuei babes ekonomikoa emateko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euroko ekarpena egingo du, Gasteizko Exekutiboak agiri baten bidez jakitera eman duenez.

Funtsa bi partidatan banatuko dute. Alde batetik, 1.280.000 euro Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten erakunde nagusiei emango dizkiete. Bestetik, 320.000 euro eragile pribatuen proiektuak finantzatzeko deialdi publiko bat zabaltzeko erabiliko dituzte.

Era berean, Iparraldean baliozkotzat joko dituzten hizkuntza ziurtagiriak zehaztuko ditu akordioak. Gainera, euskararen adierazle sistema bat martxan jartzeko lana areagotuko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza Iparraldea