Gizartea -

Amnistia Internazionala

Heriotza zigorren kopurua % 28 handitu da, terrorismoari erantzunez

Amnistia Internazionala erakundearen arabera, dena dela, heriotzara zigortutakoen kopuruak iaz gora egin zuen arren, exekuzioen kopuruak behera egin zuen.

Amnesty Internationalen arabera, gehitu egin dira heriotza ebazpenak

4:54

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014an mundu osoan heriotzara zigortutakoen kopuruak % 28 egin zuen gora, 2013ko datuekin alderatuta. Amnistia Internazionala (AI) erakundearen arabera, "delinkuentziari, terrorismoari eta barne gatazka politikoei" aurre egiteko borrokaren ondorio da gorakada.

Urteko txostenaren aurkezpenean AIk jakinarazi duenez, Egipton eta Nigerian ezarri ziren heriotza zigor gehien, herrialde horietan bizi den "gatazka politikoaren" ondorioz "modu kolektiboan" ezarri baitziren heriotza zigorrak.

2014an 2.466 heriotza zigor ezarri ziren mundu osoan. Salil Shetty AIko idazkari nagusiak ohartarazi du heriotza zigorra terrorismoari aurre egiteko tresna modura erabiltzen duten herrialdeak "euren burua engainatzen" ari direla.

"Heriotza zigorra krimenenik gogorrenei aurre egiteko erreminta eraginkorra dela ziurtatzen duen frogarik ez dago", gaineratu du.

Dena dela, iaz heriotzara zigortutakoen kopuruak gora egin zuen arren, exekuzioen kopuruak behera egin zuen; 2014an, 22 herrialdetan, 607 pertsona hil zituzten, heriotza zigorra ezarrita. 2013an, berriz, 778 pertsona hil zituzten arrazoi horregatik. AIren ustez, baina, datuak ez dira "guztiz zuzenak", Txinako "informazio fidagarririk" ez dagoelako.

Txinaren ondotik, Iran izan zen 2014an heriotza zigorra ezarrita pertsona gehien exekutatu zituen herrialdea. Ofizialki baieztatutako datuen arabera, 289 hil zituzten Iranen, 90 Saudi Arabian, 61 Iraken, eta 35 Estatu Batuetan.

Chiara Sangiorgi AIko kidearen esanetan, heriotza zigorrik izango ez duen mundu baten alde lanean jarraituko dute, eta azken 20 urteotan gai honen inguruan asko aurreratu dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea