Gizartea -

Lan gatazka

Getxoko zabor bilketaren greba bertan behera utzi dute

Sindikatuek eta CEPSA enpresak lortutako aurreakordioa berretsi dute goizean langileek. Zerbitzua normaldu egin da 07:00etatik aurrera.

Greba amaituta, hasi dira Getxoko zaborra biltzen

0:58

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia hilabeteren ostean, gaur goizean bertan behera geratu utzi dute greba zabor bilketako CEPSAko langileek.

Erabakia goizean goiz, 6:00etan, hartu dute langileek, batzarrean. Goizaldean, CEPSA konpainiako kideek eta enpresa-batzordekoek aurreakordioa lortu dute, eta hori berretsi dute gerora langileek (beharginen % 90k eman dute aldeko botoa).

Hala, zaborrak biltzeko eta garbitzeko zerbitzua normala da 07:00etatik. Aurreikuspenen arabera, datorren astearterako erabat garbi egongo dira kaleak.

Imanol Landa Getxoko alkateak twitterren jakinarazi du albistea:

 

Imanol Landa pozik agertu da enpresak eta sindikatuek lorturiko akordioarekin. Haren hitzetan, greba amaituta, herriko kaleak normaltasunera itzuliko dira eta "osasun eta segurtasun arriskuei amaiera jarriko zaie".

Langileek martxoaren 9an hasi zuten greba, enpresak enplegua suntsitu eta lan-baldintzak kaskartu nahi zituela iritzita.

Sindikatuek eta enpresak lortutako akordioaren arabera, langile kopuruari eutsiko diete eta lanpostu hutsen % 50 beteko da. 2013-2014 urteen soldaten inguruan ere adostasun batera heldu dira bi aldeak: aurten soldata izoztuko diete baina datozen bi urteetakoei KPIren % 85 gehituko diete.

Sindikatuek berri eman dutenez, "guda batean inor ez da pozik gelditzen, baina langile kopuruari eutsita eta lanpostu hutsen % 50 beteta, nahikoa pozik gaude".

Bost sute egon dira goizaldean

Ia hilabetez, zaborra pilatzen joan da Getxoko kaleetan. Atzo, herritarren osasuna edo segurtasuna arriskuan dagoen guneetan zaborra biltzeko agindu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Aurreko egunetan gertatu den bezala, hainbat gunetan metatutako zaborraren ondorioz, bost sute izan dira goizaldean, suhiltzaileek jakinarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo albisteak Grebak