Gizartea -

Galdakaon

Ertzain bati haginka egin dio, ibilgailu batean lapurtu ondoren

Atxilotzera joan zirenean, ustezko lapurra ihes egiten saiatu da, ertzain bati hankan haginka eginez. Bi ertzain zauritu dira atxiloketa horretan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 33 urteko gizonezko bat atxilotu du bart Galdakaon, ibilgailu batean lapurtzeaz gain, ertzain bati haginka egitea egotzita.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, bizilagun batek Ertzaintzari hots egin zion 22:00etan, ibilgailu batean lapurreta bat egiten ari zirela ohartaraziz. Bertaratu zirenean, Ford Mondeo batek kristalak apurtuta zeuzkala ikusi zuten ertzainek.

Ustezko lapurra ondoko atari batean sartu zela azaldu zioten zenbait lekukok agenteei. Poliziek ondo ezagutzen duten delitugile arrunt bat bizi omen da bertan.

Handik gutxira, ertzainek Juan Bautista Uriarte kalean aurkitu zuten ustezko lapurra. Metxero bat eta sakelakoak kargatzeko gailu bat zituen aldean (lapurreta jasan zuen autoan hartutakoak, agenteek baieztatu zutenez), eta baita kristalak apurtzeko erabili zuen mailua ere.

Horiek ikusita, ertzainek hura atxilotzeari ekin zioten, baina ustezko lapurra ihes egiten saiatu zen orduan, eta agente bati haginka egin zion hankan. Bi ertzain zauritu dira atxiloketa horretan.

Ertzaintzak 16 bider atxilotu du gizonezko hori, eta atzokoa aurtengo laugarren atxiloketa izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Galdakao Zer gertatu da gaur Bizkaian?