Gizartea -

Epaia

3 urteko zigorra, emazte ohia jazartzeagatik eta autoz kolpatzeagatik

Gizonezkoak, gainera, 5.410 euroko isuna ordaindu beharko du, eta motordun ibilgailuak eta ziklomotorrak gidatzeko baimena kendu diote zortzi urte eta egun batez.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hiru urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri dio gizonezko bati, haren emazte ohia autoarekin jazartzeagatik eta kolpatzeagatik. Gertaera Sollubeko gainean izan zen, eta autoan, emazte ohiaz gain, bikotearen alaba ere bazegoen.

2014ko ekainean Bilboko Arlo Penaleko seigarren aretoak kaleratutako epaia berretsi du Bizkaiko Auzitegiak. Orduan, Bilboko epaitegiak bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik zigortu zuen gizonezkoa, baita genero-indarkeria eta familiako indarkeria delituengatik ere.

Gizonezkoak, gainera, 5.410 euroko isuna ordaindu beharko du, eta motordun ibilgailuak eta ziklomotorrak gidatzeko baimena kendu diote zortzi urte eta egun batez.

Gertaera 2012ko irailaren 9an jazo zen. Gizonezkoak emazte ohiarekin eta bien alabarekin bazkaldu zuen Mundakako jatetxe batean. Gizonezkoak ordurako genero-indarkeria delituengatik zigortua zegoen.

Bikotea eztabaidatzen hasi ziren eta borroka txiki baten ondoren, emakumeak alabarekin batera alde egin zuen autoz. Gizonezkoak jarraitu egin zion Mungiara doan BI-631 errepidetik. Sollubeko gainean, Bermeon, hainbat maniobra arriskutsu egin zituen eta behin baino gehiagotan kolpatu zuen emakumearen autoa.

Epaian jasotzen denez, “akusatuak etengabe errepikatu zituen maniobrak, eta horrek istripu larri bat eragin zezakeen, emakumearen eta alabaren bizitzan eragina izanez”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak