Gizartea -

BARTZELONA

Irakasle bat hil duen mutilari berreziketa programa bat ezarriko diote

Generalitatearen arabera, 13 urteko mutikoak agerraldi psikotiko bat izan zuen.

Bartzelonako institutoan hilketa
Bartzelonako institutoan hilketa
Bartzelonako erasotzaileak bazekien nori eraso eta nori ez

2:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan Bartzelonan irakasle bat hil duen 13 urteko mutilari berreziketa plana ezarriko diote. Izan ere, 14 urtetik beheragokoa denez, ezin dute atxilotu, ezta inputatu ere, Merce Santmarti Haurrak Artatzeko Zerbitzuaren zuzendariak azaldu duenez.

Horren esanetan, 14 urtetik beheragokoak ezin dira erruduntzat jo, eta, beraz, legeak aurreikusten dituen protokoloak abiatu beharko dituzte kasu honetan.

Hori horrela, hezkuntzaren eta psikologiaren sektoreetako hainbat profesionalek adingabearen jarraipena egin beharko dute. "Hiru zein hamar saio egin daitezke", azaldu du Santmartik, eta tratamendua bukatutzat eman baino lehen beste ebaluazio bat egin behar dela gaineratu du.

Lehentasuna tankera honetako kasuak prebenitzea da. "Bitartekaritza lanaren helburua da adingabe gatazkatsuak egindakoa ez errepikatzea eta berriz deliturik ez egitea", adierazi du Haurrak Artatzeko Zerbitzuaren zuzendariak.

Gurasoek [seme adingabea] hezteko ahalmena badute, profesionalen lanek adingabea bera baino ez dute izango helburu. Mutilak "bizimodu normala" egin ahalko du, baina Santmartik ez du zehaztasun gehiagorik eman horren harira.

Prozesu guztia horrela laburbildu du: "Adingabe bat Haurrak eta Adingabeak Artatzeko Zuzendaritza Nagusira heltzen denean, diagnosia egiten zaio, eta lanaren balorazioa egiten da, tratamendua eta adingabearekin izango diren profesionalak zehazteko. Berreziketa lana bukatu eta bi baieztapen egin eta gero, auzia itxi egin daiteke".

Bartzelonako mutikoaren kasuan ezin da salbuespenik egin. "Legearen arabera 14 urtetik beheragoko adingabe bat ezin bada inputatu, ezin da inputatu. Auzi honetan, gertakizun triste hauek egitera zerk bultzatu duen zehaztu ahal izatea izango da lanaren oinarria", esan du Santmartik.

Bartzelonako adingabea ospitale psikiatriko batera eraman dute. Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren esanetan, mutilak buruko desoreka bat izan zuen, antza denez agerraldi psikotiko bat.

2013an, Haurrak eta Adingabeak Artatzeko Zuzendaritza Nagusiak delituren edo faltaren bat egin zuten 600 adingabe artatu zituen. Iaz gehiago izan ziren, 800dik gora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona bideoak Delituak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Nerabezaroa albisteak Erailketak albisteak Irakasleen albisteak gaur