Gizartea -

SUTEA

Aernnovako sutea, kontrolpean

Suhiltzaileak nabearen barrura sartu dira, sua erabat itzaltzera. Goizeko 06:30 inguruan piztu da sua, eta pintura planta erabat kiskalita geratu da. Ez da inor zauritu.

Argazkia: SOS Deiak
Argazkia: SOS Deiak
Aernnovako pintura lantegia, erabat suntsituta

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aernnova Aerospace aeronautika enpresako zuzendaritzak krisi kabinetea eratu du Miñaoko Parke Teknologikoan, gaur goizean piztu den suteak eragindako ondorioak aztertzeko eta egoeraren aurrean hartu beharreko neurriak erabakitzeko. Jose Miguel Corres EAEko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak ere hartu du parte bileran. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun Saila ere Aernnovarekin harremanetan jarri da.

Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidenteak adierazi duenez, kalteak handiak izan badira ere, ez dira hasieran uste bezainbestekoak. 'Kaltetutakoa enpresa laguntzailea da, ez dio zuzenean aeronautikaren produkzioari eragiten', esan du.

Sute handi bat piztu da gaur goizeko lehen orduan Aernnova Aerospace aeronautika enpresan, Gasteizko Miñaoko Parke Teknologikoan, Leonardo da Vinci kalean. Enpresako pinturen pabiloia kiskali da, eta kalte handiak egin ditu. Ez da inor zauritu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 06:30 inguruan piztu da sua, enpresaren lehen solairuan. Suhiltzaileak berehala bertaratu dira, eta sua itzaltzeari ekin diote. 10:30 inguruan sutea kontrolatuta zuten suhiltzaileek, eta pabiloi barrura sartu dira sua erabat itzaltzera.

Hegazkinetarako osagaiak eta haize-sorgailuak egiten dituzte Aernnova Aerospacen. Beheko solairuan pintura nabea dute, eta hor izan da sutea. Lehen solairuan bulegoak dituzte, eta kea asko zabaldu den arren, sua ez da zabaldu bulegoetara.

Hiriko hainbat lekutatik ke-laino beltz handi bat ikusi ahal izan da. Ertzaintzak Miñaoko parkerako sarrerak itxi ditu lehen orduan, baina 08:00etarako zabalik zeuden berriro.

Suhiltzaile ugari bertaratu dira sua itzaltzera, eta egoera kontrolpean hartu dute. Oraingoz, ez dute jakitera eman sua

Miñano sutea

Argazkia: EFE

Gas-hornidura, etenda

Sutearen ondorioz, Miñaoko Parke Teknologikoko gas-hornidura aldi baterako eten egin dute, 'badaezpadako neurri gisa'. Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, bestalde,  Aernnovaren egoitzaren inguruan dauden bi enpresek langileak aterarazi dituzte euren eraikinetatik,  zabaldu den ke-lainoa dela eta.

'Erabat suntsituta'

Gasteizko suhiltzaileak ez ezik, Laudioko, Bilboko eta Donostiako suhiltzaileak Miñaora joan dira,  itzaltzeko lanetan laguntzera. Jose Antonio Fernandez Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zuzendaritzako koordinatzailearen esanetan, Aernnovaren pintura pabiloia erabat suntsituta geratu da. Helburua, orain, ingeniaritza alorreko plantara ez zabaltzea dela esan du.

Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Fernandezek esan du 09:00etarako egoera mendean hartuta zutela suhiltzaileek.

Maroto: 'Hiriarentzat albiste txarra da'

Javier Maroto Gasteizko alkateak 'kezkaz' hartu du gertatutakoa, eta esan du 'hiriarentzat albiste zaila' dela. Aernnovan gertatzen dena 'gertutik' jarraituko duela adierazi du, 'enpresa oso garrantzitsua delako eta kaltetutako pertsonak asko direlako'. 'Antzeko beste esperientzia batzuk ere bizi izan ditugu, eta ondorioak oso kaltegarriak dira hiri osoarentzat', gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea