Gizartea -

Ipar Euskal Herria

Biriatu, Azkarate eta Basusarrin ikastola berriak irekiko ditu Seaskak

Horrez gain, Ziburuko ikastola berria egiteko lursaila erosteko asmoa du Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak datorren ikasturterako.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015-2016 ikasturtean hiru ikastola berri zabalduko ditu Seaskak: bi Lapurdin (Biriatu eta Basusarri) eta beste bat, Nafarroa Beherean (Azkarate), Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak hilero ateratzen duen aldizkariaren azken zenbakiaren arabera.

Hala, datorren urterako 34 ikastola izango ditu Seaskak. Hiru ikastola berriek 30 bat ume hartuko dituzte, 10na. "Txikiak izanik ere, argi geratu da aukera emanez gero, jendeak egiten duela ikastolen aldeko hautua", agertu du Pascal Indo Seaskako presidenteak Euskadi Irratiari eskainitako adierazpenetan.

Horrez gain, Ziburuko ikastola berria egiteko lursaila erosteko asmoa du Seaskak.

Azken 10 urteetan eta sare publiko eta pribatuarekin alderatuta, ikastolen eredua indartu egin dela nabarmendu du Indok. 2004tik 881 ikasle irabazi dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolek (jaiotze tasa kontuan hartuz gero, % 80ko hazkundea). Hala, gaur egun 2.200 ume daude Seaskako ikastolen lehen mailetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea albisteak