Gizartea -

'Gezurrezko shaolina'ren auzia

Aguilar ez zen 'damutu' eta ez zuen aitorpenik egin, epailearen ustez

Horixe adierazi dio epaimahaiari, erabakia hartu behar duten herritarrei. Orain, zalantzetako bat da ankerkeriaz jokatzea leporatuko ote dioten, horrek zigorra luzatuko bailuke.

Aguilarren epaiketa. Argazkia: EiTB
Aguilarren epaiketa.
Aguilarren epaiketa. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Aguilar 'Gezurrezko shaolina' epaitzen ari den auzitegiko epaileak epaimahaiari ohartarazi dio erabakia hartzerakoan aintzat edukitzeko hiltzaileak hilketak onartu zituela, baina fiskalaren galderei erantzuterakoan aitortu zituela, ez zela "damutu" eta ez zuela "aitorpenik" egin; beraz, hor ez dagoela "aringarririk".

Epaimahaia osatzen duten bost gizonak eta lau emakumeak eguerdian hasi dira auziaren ebazpena aztertzen, eta bi eguneko epea izango dute erabakia hartzeko. Jakina da errudun joko dutela Aguilar, baina ankerkeriaz jokatu zuen ala ez ere erabaki behar dute, eta hor zalantza handiagoak daude.

Lehenengo ahozko saioan, gezurrezko monjeak aitortu egin zuen Maureen Ada Otuya eta Sofia Rebollo hil zituela azpikeriaz, 2013ko ekainean, Bilbon zuen gimnasioan.

Gizonak bi emakumeak torturatu zituen hainbat orduz, hil arte; eta Jenny Sofia Rebolloren kasuan, zatikatu eta organoak kendu zizkion.

Epaiketan, Aguilarrek ez zuen, ordea, ankerkeriaz jokatu izana onartu, horrek luzatu egingo bailuke kartzela-zigorra.

Epaimahaiaren deliberazioa

Gaur, epaimahaiari erabakia zeren gainean hartu behar duen adierazteko ekitaldia egin dute, eta epaileak azaldu die zein den egin behar duten lana.

Hala, fiskalak egindako galderei baiezkoarekin erantzun izana aitorpen edo damu aringarri gisa ez hartzeko eskatu die epaileak.

Era berean, atzo ikusi zituzten irudiak gogorarazi dizkie. Irudi horietan, akusatua agertzen zen konortea galduta edo ia galduta zeuden emakumeekin praktika sexualak egiten, eta hori guztia, adituen eta lekukoen testigantzarekin batera, "baloratzeko" deia egin dio epaimahaiari.

Ankerkeria

Era berean, ankerkeriaz jokatzea zer den azaldu die: nahita eta beharrik izan gabe neurriz kanpoko mina egitea helburu bat lortzeko, hilketa. Gainera, gogorarazi die larrigarri bat ezartzeko gutxienez zazpi boto behar direla.

Erabakiaren berri ematen dutenean, epaileak ebazpena idatzi eta kartzela-zigorra jakinaraziko du.

Ministerio Publikoak 40 urteko kartzela-zigorra eskatu du gezurrezko monjeak bi hilketak azpikeriaz egin zituela iritzita, baina ez du ankerkeriarik ikusten.

Cara Campoamorrek ordezkatzen duen akusazio partikularrak, biktimen eta herri akusazioaren izenean, 45 urteko zigorra eskatzen dute, ankerkeria larrigarria antzematen dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo