Gizartea -

Gasteiz

Gazte bat inputatuta, biluzik zegoen lagun baten irudia txiokatzearren

17 urteko gasteiztarrari sare sozialen bitartez neska adingabearen intimitatea urratzea egozten diote. Neskatoak 2014n salatu zuen gertakaria.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

17 urteko gasteiztar bat inputatu egin dute sare sozialen bitartez neska ezagun adingabe bat biluzik agertzen zen argazkia zabaltzeagatik. Intimitatearen kontrako delitua leporatzen diote, Twitter bidez irudia Interneten barreiatzeagatik.

Guardia Zibilak jakitera eman duenez, neskatoak 2014 amaieran sartu zuen salaketa Gasteizko 2. Instrukzio Auzitegiak.

Hala eta guztiz ere, luzea izan da txioaren egilea bilatzeko prozesua; izan ere, egoitza Kalifornian (AEB) duen Twitterrek, mundu mailan lan egiten du, eta datuen eskarien tramitazioa ez da ikertzaileek nahiko luketen adinako azkarra izan.

Inputatua biktimaren ezaguna da. Azaldu dutenez, mutikoak perfil faltsu bat ireki zuen sare sozialean neska biluzik agertzen zen irudiarekin, eta neskaren lagunen eta senideen jarraitzaile egin zen, argazkia ikus zezaten.

Argazkia biktimaren sakelako telefonotik atera zuen, egun batzuk lehenago ostu baitzioten. Hori horrela, sakelako telefonoa inputatuak berak lapurtu ote zuen ikertzen ari dira, baina hori Adingabeen Fiskaltzaren esku dago.

Heldua ez denez, inputatua ez dute kartzelan sartuko, baina isuna jar diezaiokete, eta gurasoek ordaindu beharko lukete. Dena dela, beste aukera bi ere badaude: adingabeen zentro batean sartzea eta neskarengandik urruntzeko agindua jasotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Twitterreko azken albisteak Gasteiz