Gizartea -

Fesan enpresa

Sua piztu da Gasteizko pintura enpresa batean

Suteak enpresaren pabiloia suntsitu du. Prestatutako margoak eta prestatzeko materialak zeuden bertan, oso sukoiak diren hainbat elementurekin batera.

Gasteizko margo enpresa bat, suntsituta, sute baten ondorioz

0:28

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sua piztu da goizaldean Gasteizko Ehari-Gobeo industriagunean dagoen Fesan pintura enpresan, Segurtasun Sailak eitb.eus atariari jakitera eman dionez.

Goizaldeko 04:40an piztu da sua, oraindik argitu gabe dauden kausengatik. Segurtasun Sailak adierazi duenez, ez da zauriturik izan.

08:10etarako suhiltzaileek sutea itzalita izan dute, baina 09:00ak aldera bertan jarraitzen zuten.

Suteak enpresaren pabiloia suntsitu du. Prestatutako margoak eta prestatzeko materialak zeuden bertan, oso sukoiak diren hainbat elementurekin batera. Antza denez, biltegiaren ondoko toki batean piztu da sua, eta teilatutik zabaldu da pabiloi osoa hartu arte.

Enpresaren jabeek suteak atzemateko alarma-sistema dute, eta jabeak beraiek izan dira larrialdi zerbitzuei deitu dietenak. Suhiltzaileak heldu direnean, arin aritu dira, baina sugarrek pabiloia hartuta zuten dagoeneko.

Hala ere, suteak ez die inguruko bulego eta enpresei kalterik egin.

Suhiltzaileak enpresa horretan ari dira oraindik, sutearen nondik norakoak argitzeko. Gainera, bertan emango dute egun osoa erretako pabiloia freskatzeko eta sutea berriro piztu ez dadin.

Duela lau egun beste sute handi bat piztu zen Aernnova Aerospace aeronautika enpresan, Gasteizko Miñaoko Parke Teknologikoan. Orduan, enpresaren pintura-pabiloia kiskali zen, eta sugarrek kalte handiak egin zituzten. Hala ere, ez zen zauriturik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Suteak Gasteiz berriak