Bitxikeriak -

1615eko sarraskia

400 urteren ostean, euskal herritarrak hiltzea debekatu dute Islandian

Duela 400 urte onartutako lege batek West Fjords eskualdean zegoen edozein euskal herritar hiltzea baimentzen zuen.

Gipuzkoaren eta Islandiaren berradiskidetzea islatu duen besarkada. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia
Gipuzkoaren eta Islandiaren berradiskidetzea islatu duen besarkada. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia
Gipuzkoaren eta Islandiaren berradiskidetzea islatu duen besarkada. Argazkia: Gipuzkoako Aldundia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal herritarrak hiltzea baimentzen zuen 400 urteko lege bat baliogabe utzi dute Islandiako eskualde batean, Iceland on Review egunkariak jakinarazi duenez.

Apirilaren 22an, plaka bat jarri zuten Islandiako Holmavik herrian, West Fjords eskualdean, bertan 1615ean hil zituzten 32 baleazale gipuzkoarren omenez. Besteak beste, Illugi Gunnarsson Islandiako Kultura ministroa, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua izan ziren ekitaldian.

Bertan, Jonas Gudmundsson West Fjordseko ordezkariak baliogabe utzi zuen duela 400 urtetik indarrean zegoen legea, eskualdean zegoen edozein euskal herritar akabatzea baimentzen zuena.

Noski, erabakia sinbolikoa da, Islandiako legeek debekatu egiten baitute ez euskal herritarrak hiltzea, inor hiltzea baizik. Horren haritik, Gudmundssonek berak umore onez erantzun zuen hemendik aurrera Euskal Herriko turista gehiago heltzea espero duen galdetu ziotenean. "Orain behintzat seguruago etorri ahalko dira", adierazi zuen.

Gipuzkoako 32 arrantzaleak 1615eko irailean hil zituzten. Ekaitz baten ondorioz, horien ontzia hondoratu egin zen, eta Islandian babestu behar izan zuten. Bertan, baina, tirabirak izan zituzten agintariekin, eta hil egin zituzten.

Urte horretan bertan, Jon Gudmundsson idazleak entsegu bat idatzi zuen, sarraski hura salatzeko. Hondoratzearen eta espainiarren (euskal herritarren) sarraskiaren benetako istorioa zuen izena.

Apirilaren 22ko ekitaldian, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta sarraskiaren egileetako baten ondorengo batek, Magnus Raffnsonek, elkar besarkatu zuten, berradiskidetzearen erakusgarri.

1615ean 32 gipuzkoar hil bazituzten ere, XVII. mendean Islandiaren eta euskal herritarren arteko harremanak oso emankorrak izan zirela erakutsi dute ikerketa historikoek, bai arlo ekonomikoan, bai kulturalean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Historia albisteak Arrantza Reykjavik albisteak