Gizartea -

Medikua eta EHU-ko ikertzailea

Jose Felix Marti Masso, 2014ko Euskadi Ikerkuntza Saria

Bere ikerketa lana aplikatua eta emaitzetara bideratutakoa da batik bat. Alterazio edo erantzun terapeutiko ezohikoak dituzten paziente bereziz osaturiko taldeen behaketan gauzatzen da bere ikerketa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Felix Marti Masso mediku eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzailearentzat izango da 2014ko Euskadi Ikerkuntza Saria, epaimahaiaren erabakiz.

Zientzia eta teknologiaren arloan entzutea duten bost ikerlarik osatutako epaimahaiak Marti Masso irakaslearen aldeko ebazpena jakinarazi du asteazken honetan, sariaren 19. edizioan aurkeztutako 14 hautagaien artean aukeratzeko goiza Bilbon elkartuta eman ondoren.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak sarituari berari jakinarazi berri dio ebazpena, telefono bidez, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta EAEtik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin. 40.000 euroko diru kopurua du Euskadi Ikerkuntza Sariak.

Saritua

Jose Felix Marti Masso (Constanti, Tarragona, 1947) Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna eta doktorea da Nafarroako Unibertsitatean, Neurologia eta Barne Medikuntzan espezialista. Egun, Neurologia Medikuko irakasle titularra da EHUn, eta Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologia eta Neurofisiologia Klinikoko zerbitzuburua.

Bere ikerketa lana aplikatua eta emaitzetara bideratutakoa da batik bat. Alterazio edo erantzun terapeutiko ezohikoak dituzten paziente bereziz osaturiko taldeen behaketan gauzatzen da bere ikerketa, hauen behaketak nerbio sistemaren funtzionamendua hobeto ulertzen edo pazienteak hobeto artatzen laguntzen baitu. Horiei guztiei, prospekzio azterketetan duen parte hartzea gehitu behar zaie, bai azterketa epidemiologikoetan, bai azterketa kliniko terapeutiko eta genetikoetan.

Bere lorpen zientifikorik nagusienen artean azpimarratzekoa da sindrome berri baten aurkikuntza: ‘Likido zefalorrakideoko pleozitosisdun pseudomigraina’.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Nafarroako Unibertsitatea