Gizartea -

Gertakaria

Ikasle ataundar bat hil da Mexikon, trafiko istripu batean

Beste ikasle batzuekin batera furgoneta batean zihoala, euren ibilgailuak kamioi bat jo zuen parez pare. Kolpearen ondorioz, 21 urteko ataundarra eta gazte mexikar bat hil ziren.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ataungo 21 urteko neska bat, Irantzu Aizpurua, hil zen atzo Mexikon, zirkulazio istripu batean, Las Choapas eta Raudales hirien arteko errepidean. Ataundarra zihoan furgonetak parez pare jo zuen kamioi bat. Ondorioz, bi pertsona hil ziren eta zortzi zauritu, horietako bat euskalduna.

Polizia ezbeharra ikertzen ari da, baina, lehen hipotesien arabera, baliteke furgonetako gidariak lo hartu izana. Antza, kamioia bere bidetik zihoan, kontrako noranzkoan, eta furgonetak aurrez aurre jo zuen kamioia. Gidaria atxilotuta eraman zuten.

Furgonetan, 20 bat ikasle zihoazen, Pueblako Unibertsitate Autonomikoko ikasleak, eta Chiapasera bidean zihoazen istripua izan zutenean. Gazte ataundarra beka batekin ari zen Mexikon ikasten.

Gaur, EHUn, Donostian, minutu bateko isilunea egin dute Aizpuruaren omenez. EHUk ohar batean azaldu duenez, zaurituetako ikasle bat ere Euskal Herrikoa da. Larri zauritu bazen ere, ez du hiltzeko arriskurik. EHUtik, "elkartasuna eta babesa" adierazi nahi izan diote hildakoaren senideei. Erasmuseko ikasleekin egitekoa zuen ekitaldia bertan behera uztea erabaki du EHUk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea