Gizartea -

Zerbitzu publikoa

Emakunderen eta Irekiaren lana saritu du NBEk

Sari banaketa ekitaldia Medellinen (Kolonbia) egingo dute, ekainaren 23an, hau da, NBEren Biltzar Nagusiak Zerbitzu Publikoaren Egun izendatu zuen egunean.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Zerbitzu Publikoaren saria eman dio Eusko Jaurlaritzari bi kategoriatan. Zehazki, genero ikuspegia sustatzeko kategoriako saria Emakunderi eman dio, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea ezartzeagatik, eta Irekia atariak mekanismo berrien bidez erabaki politikoetan herritarren parte-hartzea sustatzeko kategoriako saria jaso du.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Luis Petrikorena Irekiako zuzendariak sarien berri eman dute ostiral honetan, eta pozik agertu dira, "berdintasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko euskal politikak aintzatetsi dituztelako, nazioartean garrantzitsuentzat jotzen diren sektore publikoaren bikaintasunaren sariekin".

Sari banaketa ekitaldia Medellinen (Kolonbia) izango da, ekainaren 23an, hau da, "zerbitzu publikoek komunitateari ematen dioten balioa eta indarra ospatzeko" NBEren Biltzar Nagusiak Zerbitzu Publikoaren Egun izendatu duen datan.

Landaidak azaldu duenez, Emakunderi eta, ondorioz, Euskadiko berdintasun politikei eta agente guztiei emandako sarian, Berdintasunerako Euskadiko Legearen ezarpenaren bikaintasuna nabarmendu dute.

Epaimahaiaren arabera, "genero ikuspegia kontuan hartzen duten herri administrazio eta zerbitzu publikoak lortzeko erronkan emaitza esanguratsuak eman dituen eta ematen dituen ereduaren adibide garbia izan da Emakunderen hautagaitza", eta horregatik saritu dute, nazioartean ezagutarazteko eta beste erakunde batzuentzako eredu izan dadin.

Gardentasuna eta parte-hartzea

Era berean, eta gardentasunari eta herritarren parte-hartzeari dagokionez, NBEk Eusko Jaurlaritzaren politikak saritu ditu, zehazki, Euskadiko Gobernu Irekiaren ekimena (Irekia atarian gauzatua), aitzindaritzat jo baitu esparru horretan Europan.

Irekia euskal gizarteari eskuragarri jarritako tresna bat da, gobernuaren kudeaketa are gardenagoa izateko xedea duena, herritarren parte-hartze zuzena ahalbidetuz euskal politika publikoen erabakitze prozesuetan. Ataria lankidetza gune gisa sortu zen, helburu hauekin: eztabaida politikoa sustatzea; herritarren iritzia aditu eta aztertzea; sareko edozein forotan dioena erakustea; eta gobernuaren ekinbideaz berri ematea.

Iaz, webgunean 603.291 saio hasi ziren, 376.398 banakako erabiltzaile izan zituen eta 1,8 milioi orrialde zerbitzatu zituen. Gainera, atari horren bidez 4.355 ekitaldi publikoren berri eman zen, 77 gobernu proposamen aurkeztu ziren, eta 288 ziren jaso herritarren aldetik.

Sare sozialetan, Irekiak 37,5 milioi aipamen jaso zituen Twitter, Facebook eta YouTube kontuan hartuta, eta 25.500 jarduera Twitter eta Facebook sare sozialen artean. Eusko Jaurlaritzako kideek parte hartutako lehen lau topaketetan, 2.436 aldiz hartu zuten parte herritarrek, 549 galdera jaso ziren eta kargatutako 12.800 bideoek 163.000 ikustaldi izan zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak EAE Emakunde