Gizartea -

Immigrazioa

23.383 atzerritar nazionalizatu dituzte Nafarroan 2002 eta 2013 artean

Atzerritar jatorriko pertsona gehien nazionalizatu dituen erkidegoetako bat da. Nafarroako Gobernuak Bizikidetzarako Plana aurkeztu du astelehen honetan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken 15 urteotan 85.000 etorkin iritsi dira Nafarroara, eta ''jasotzen dutena baino gehiago ematen dute'', Nafarroako Gobernuak astelehen honetan aurkeztu duen ikerketa baten arabera. Azterketa horretan jasotzen denez, ‘’goraipatzeko modukoa’’ da urte hauetan ‘’karrankarik gabe’’ egindako prozesua. Hala azaldu du astelehen honetan Mariano Oto Gizarte Politiketako zuzendariak, Elkarbizitzarako Estrategia aurkezteko ekitaldian.

Otok orain zenbait urte Nafarroan abiatutako ''aldi bereko izate'' prozesua goraipatu du, eta ''elkarbizitza bultzatu beharra'' azpimarratu du. ''Nafarroak pertsona atzerritar horiek integratu behar ditu; etorkizunerako behar ditugu'', gaineratu du. Ildo horretan, ''elkarbizitzaren alde'' lan egitera deitu du, ''aldi bereko bizitza'' kontzeptua gaindituta.

Hain zuzen ere, horixe da Antidio Martinez de Lizarrondo soziologoak gaur aurkeztutako estrategiaren oinarria, Martinez de Lizarrondoren arabera, harrera fasea ''gaindituta'' baitago Nafarroan. Aurkezpenean azaldu dutenez, 23.383 atzerritar nazionalizatu dira Nafarroan 2002 eta 2013 artean eta, hala, atzerritar jatorriko pertsona gehien nazionalizatu dituen erkidegoetako bat da Nafarroa.

Halaber, ''oso garrantzitsu'' da, horien esanetan, etorkinen inguruan sortzen den ''irudia'', eta, sarritan, estereotipo irrealez josita egoten dela salatu dute. Horri lotuta, hainbat datu eman dituzte, eta azpimarratu egin dute ''faltsua'' dela ''atzerritarrek laguntza sozial guztiak bereganatzen dituztela''. Izan ere, aurkezpenean azaldu dutenez, biztanle gazteak dira atzerritarrak, eta bertakoak baino gutxiagotan joaten dira osasun zerbitzuetara. ''Gizarte zerbitzuetara jotzen duten atzerritarrak ez dira % 30era iristen'', gaineratu dute. Horrez gain, Oinarrizko Errenta jasotzen duten bi lagunetatik bat atzerritarra dela adierazi dute; edonola ere, Gizarte Gaietako Departamentuaren gastuaren hiru laurden adinekoei, menpekotasunen bat dutenei eta minusbaliatuei zuzenduta dagoela adierazi du. Azkenik, azaldu dute babestutako etxebizitzen erosketara bideratutako laguntzetatik % 6,2 bideratu zela atzerritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan