Gizartea -

Hegazkin istripua

Identifikatu dituzte jada Germanwingsen hegaldiko biktima guztiak

Hegazkinak ezbeharra izan zuen toki malkartsuan 150 biktimak aurkitu zituzten, eta orain familiaren esku utziko dituzte.

Hegazkinaren arrastoak. Argazkia: EiTB
Hegazkinaren arrastoak.
Hegazkinaren arrastoak. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko martxoan Frantziako Alpeak jo zituen Germanwingsen hegazkineko 150 biktimak identifikatu dituzte dagoeneko, eta Marsellako Fiskaltzak iragarri du gorpuak lurperatzeko baimena eman duela.

Hegazkinak ezbeharra izan zuen toki malkartsuan 150 biktimak aurkitu zituzten, eta orain familiaren esku utziko dituzte.

Fiskaltzak jakinarazi duenez, heriotza agiriak Prads Haute Bleone alkateak sinatu zituen, A320 hegazkinak martxoaren 24an lurra jo zuen eremuko alkatea baita.

Agiri horien kopiak hainbat hizkuntzatara itzuli eta Lufthansa Germanwingsen jabeari helarazi dizkiete, biktimen gorpuak familiari helarazi ahal izateko izapideak betetzeko.

Ezbeharra gertatu eta bi hilabetera amaitu dituzte identifikazio lanak, horretan jardun dutenek aurreikusi zuten bezala. Arrastoak bilatzeko lanak, berriz, astebetean egin zituzten.

Aurreko apirilaren 2an, ikertzaileek jakinarazi zuten 150 profil genetiko desberdin identifikatu zituztela, eta orduan profil bakoitza biktima jakinari lotzea soilik geratzen zela.

Horretarako, identifikaziorako batzordeak senideen DNA laginak erabili ditu, baina inguruan aurkitutako beste objektu batzuekin ere alderatu ahal izan dituzte.

Bartzelona eta Düsseldorf lotzen zituen hegaldiak ordubeteko bidea egin zuen Frantziako Alpeetako mendiak jo aurretik. Ikerketako lehenengo zantzuen arabera, Andres Lubitz kopilotuak nahita jo zuen mendia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak gaur