Gizartea -

UGT sindikatua

Nafarroako emakumeek gizonezkoak baino ia %30 gutxiago irabazten dute

Nafarroako emakume batek urtean bataz beste gizonezko batek baino 8.170 euro gutxiago jasotzen ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Almudena Fontecha UGT sindikatuko Berdintasun idazkariak gaur jakitera eman duenez, Nafarroako gizon eta emakumeen arteko soldata ezberdintasuna % 29,57koa da. Hau da, emakume batek urtean bataz beste gizonezko batek baino 8.170 euro gutxiago jasotzen ditu.

Espainiako datuekin alderatu du Nafarroako egoera Fontechak. 2015eko datuen arabera, Espainian soldatetan dagoen ezberdintasuna % 23,93koa da. Hau da, emakumeek urtean 6.144 euro gutxiago jasotzen dute.

UGT sindikatuak “Soldata etenari aurre egiteko erremintak” proiektua aurkeztu du gaur eta ekimenaren aurkezpenean eman ditu datuak ezagutzera Almudena Fontechak. Maite Perez Nafarroako UGT sindikatuko Berdintasunerako eta Gizarte Politiketarako idazkariak ere parte hartu du aurkezpenean.

“Soldata etenean zerikusia duten adierazleak zehaztu ahal izateko ikerketa bat egitea da proiektuaren helburua”, adierazi du Fontechak. Urrian langileen esku “bi erreminta” jarriko direla ere iragarri du.

“Erremintetako bat sakelako telefonoetarako aplikazioa bat da. Langileek zenbait datu sar ditzakete aplikazioan, eta diskriminazio egoera bat jasaten ari diren edo ez jakin”, zehaztu du.

Bigarren erreminta “konplexuagoa” dela esan du eta negoziatzaileei zuzenduta dagoela. “Aplikazioan hitzarmen kolektiboetako datuak sartu ahal izango dituzte”, esan du.

Soldata ezberdintasuna eragin dezaketen arrazoiak ere hizpide izan ditu Fontechak. Besteak beste ondorengoak aipatu ditu: emakumeak ordainsari gutxiago duten lanetan aritzea, dituzten kontratuak kasu askotan lanaldi partzialekoak izatea eta familiako ardurak beren gain hartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa