Gizartea -

24. edizioa

Euskal Eskola Publikoaren festa hartuko du gaur Elgoibarrek

'Gustatzen jata, jaku' lelopean, jendetza bilduko da Elgoibarren, xede izanik "euskal eskola euskalduna, aurrerakoia, askotarikoa, laikoa, berritzailea eta autonomiaduna" aldarrikatzea.

Jendetza bilduko da Elgoibarren, jai horren harira. Argazkia: euskaleskolapublikoarenjaia.eus
Jendetza bilduko da Elgoibarren, jai horren harira. Argazkia: euskaleskolapublikoarenjaia.eus

T.S.J. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Eskola Publikoaren aldeko Jaia ospatuko dute igande honetan, hilak 7, Elgoibarren (Gipuzkoa), Elgoibarko Herri Eskolak eta Kalamua guraso elkarteak antolatuta, EHIGrekin elkarlanean. Aurtengo leloa 'Gustatzen jata, jaku' da, eta gizartea bizirik mantentzeko, herriarentzat eskola publikoa premiazkoa dela azpimarratu nahi dute aurten.

Enkarterrietako eskola publikoen eskutik lekukoa jaso ostean (iaz Balmasedan egin baitzuten festa), hainbat ekitaldi antolatu dituzte ikasturtean zehar Elgoibarren, hala nola, Errealeko 'Emakumeak Txuri Urdinez' erakusketa, eskubaloi partidua, bideokliparen aurkezpena, Korrika eta Euskararen eguneko kalejira.

Igande honetako hitzorduari begira, berriz, adin arte adin guztietarako ekitaldiak prestatu dituzte: guztira, sei gune izango dira, eta musikaz eta jai-giroaz gozatzeko aukera anitz izango dira 11:00etatik 20:00ak arte.

Elgoibarrera hurbildutakoek tailerrak, jolasak, puzgarriak, herri-kirolak txikientzat, ipuin-kontalaria, pintxoak, kalejirak eta musika izango dituzte nonahi. Gainera, nahi dutenentzat herri-bazkaria ere prestatu dute. Bestalde, garraio publikoaren bitartez Elgoibarrera etortzeko deia egin dute antolatzaileek.

Aldarrikapena ere hizpide izango dute igande honetan, antolatzaileen aburuz, "kalitatezko euskal Hezkuntza Publikoaren aldeko lana koordinatu beharra baitago". Zentzu horretan, "euskal eskola euskaldun, aurrerakoi, askotariko, laiko, berritzaile, autonomiadun, eta kudeaketa demokratikoa" proposatzen dute, "gurasoek hezkuntza prozesu osoan esku har dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Elgoibar bideoak Euskal Eskola Publikoa bideoak