Gizartea -

Aita santuaren entziklika

Aita santuak iraultza kulturala eskatu du Lurraren suizidioaren aurka

Egungo sistema ekonomikoaren 'espekulazioa' kritikatu du Frantzisko aita santuak, eta gaineratu du 'jasanezina' dela hainbat ikuspuntutatik begiratuta.

Frantzisko aita santua. Artxiboko irudia: EFE
Frantzisko aita santua. Artxiboko irudia: EFE
Frantzisko aita santua. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Iraultza kultural ausarta" eskatu du Frantzisko aita santuak ingurumena eta Lurra suntsitzen ari den jokabide "suizida" horren kontra. Gainera, egungo sistema ekonomikoaren "espekulazioa" kritikatu du, eta azpimarratu du "jasanezina" dela hainbat ikuspuntutatik begiratuta, nahiz eta botere ekonomikoek hori justifikatzen jarraitu.

Aita santuaren esanetan, egungo eredu ekonomikoak finantza onura bakarrik bilatzen du, horrek naturan eta gizakiaren duintasunean dituen ondorioak aintzat hartu gabe.

"Egungo bizi eredua jasanezina da eta, bide horri eutsiz gero, hondamendiak izango dira; hain zuzen ere, aldiro hondamendiak gertatzen ari dira munduko hainbat txokotan", esan du aita santuak ingurumenari buruz gaur argitaratu duen entziklikan.

Eliza Katolikoaren buruzagiaren hitzetan, "errealitatearen kontenplazio hutsak adierazten digu autosuntsiketa zurrunbilotik atera ahal izateko norabide aldaketa beharrezkoa dela, eta hainbat ekintza egitea ere iradokitzen digu".

"Gertatzen ari denak iraultza kultural ausart baterako bidean aurrera pausoak ematera bultzatzen gaitu (...). Inork ez du kobazuloen garaira itzuli nahi, baina martxa moteltzea ezinbestekoa da errealitateari beste modu batean begiratzeko", gaineratu du.

Frantzisko aita santuak azaldu du "mundua zaintzeko eta hobetzeko" aldaketak egin behar direla bizitza ereduetan, ekoizpen eta kontsumo ereduetan eta gaur egun gizartea gidatzen duten egitura sendoetan.

Haren esanetan, "giza familia osoa elkartu behar dugu, gure etxea babesteko eta garapen jasangarria eta integrala bilatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Aita santua albisteak