Gizartea -

Bilbo

16 urte eta erdiko kartzela zigorra, Errekalden gizon bat hiltzeagatik

Epaimahaiak erruduntzat jo du Errekaldeko hilketaren akusatua. Kasuko epaileak azpikeriaz egindako hilketa delitua leporatu dio, baina buru nahasmenaren aringarria aintzat hartu du.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

16 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote gizonezko bati 2013ko abenduaren 1ean Bilboko Errekalde auzoko taberna bateko jabea hiltzea egotzita, gaur Bizkaiko Auzitegiak argitaratutako epaiaren arabera.

Hilketa Errekalde auzoko Biarritz kaleko Auri tabernan gertatu zen. Akusatuak hainbat tiro egin zizkion tabernako jabeari -horietako batek bete-betean harrapatu zuen aorta- eta ordu batzuk geroago hil zen Gurutzetako ospitalean.

Rufino P.A. 38 urteko bilbotarra Salamancan atxilotu zuten, eta hilabete honen hasieran egin dute hiltzailearen kontrako epaiketa Bizkaiko Auzitegian.

Epaimahaiak errudun jo du akusatua eta 16 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio azpikeriaz egindako delitua leporatuta. Dena den, "buru nahasmenaren" aringarria aintzat hartu du.

Halaber, 120.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio hildakoaren bikotekideari eta 47.000 euro, ostera, haren adin txikiko semeari.

Defentsak egindako indultu eskaera gehiengoz onartu zuen epaimahaiak, "damua erakutsi zuelako, biktimaren laguna zelako eta gertaerek bizimodu txarra eramatera bultzatu zutelako eta horrek berarengan eragina izan zuelako". Horrenbestez, zigor eskaria jaitsi zuen.

Orain, aldeek epaiaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete Euskadiko Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak