Gizartea -

Txina

40 urteko okela saltzen zuen sare bat desegin dute Txinan

Agintariek 100.000 tona okel atzeman dituzte. Asko usteltzen hasita zeuden.

Kalea okela saltzen duen postu bat, Txinan. EFE
Kalea okela saltzen duen postu bat, Txinan. EFE
Kalea okela saltzen duen postu bat, Txinan. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako agintariek 100.000 tona okel atzeman dituzte (oilaskoa, txerria eta txekorra) kontrabandoaren aurkako operazio batean. Haragi horietako askok 40 urte baino gehiago zituzten.

Operazioa hilabete hasieran abiatu zuten, eta, horren baitan, 14 mafia desegin dituzte. Osasunarentzat arriskutsua izan daitezkeen haragiekin trafikatzen zuten.

Orotara, atzemandako okelak 3.000 milioi yuaneko (430 milioi euro) balioa zuen, Txinako mugazainen arabera.

Antza denez, okela Hong Kongetik banatzen zuten Txina kontinentalera. Kolonia britainiar ohira izozkailuetan iristen zen, baina ez dago argi nondik.

Ondoren, elikagaiak jatetxeetara, supermerkatuetara eta merkataritza elektronikoa egiten duten enpresetara bideratzen zuten.

Guangxi eskualdean (Txina hegoaldea) 1970etik izoztuta zegoen okela atzeman dute. Gainera, Hunanen (zentro-hegoaldea) usteltzen hasita zegoen okela ere topatu dute.

"Kostuak aurrezteko, hainbatetan kontrabandistek ibilgailu arruntetan garraiatzen zuten okela, ibilgailu izozkailuetan egin beharrean", azaldu du agintari batek.

"Kiratsa zerion, oka egiteko zorian izan nintzen [ibilgailu horietako baten] atea ireki nuenean", esan du operazioan parte hartu duen funtzionario batek.

Txinako mugazainen arabera, herrialdeak 295.000 tona zekor inportatu zituen iaz, 562.000 tona txerri eta 440.000 tona oilasko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina