Gizartea -

Haurren txertaketa

Uztailean hasiko da Osakidetza pneumokokoaren kontrako txertoa ematen

Hiru dositan emango diete 2015ean jaiotako ume guztiei: bigarren, laugarren eta 12. hilabetean.

Pneumokokoaren aurkako txertoa jasoko dute aurten jaiotako haurrek

01:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uztailaren 1etik hasita, aurten jaiotako ume guztiei eskainiko die Osakidetzak pneumokokoaren kontrako txertoa, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak iragarri duenez.

Darponek agerraldia egin du gaur txertaketa egutegian egindako aldaketen berri emateko. Urte hasiera iragarri zuenez, pneumokokoaren kontrako txertoa egutegian sartzea erabaki zuen Osakidetzak, eta gaur jakinarazi duenez, uztailean hasiko dira osasun zentroetan txertoa eskaintzen.

Urtero behar diren 100.000 dosiak erosteko 2,5 milioi euro bideratuko ditu Osasun Sailak.

Orain arte, gurasoek ordaindu behar zuten txertoa, eta dosi bakoitzeko 76 euro pagatu. Uztailetik aurrera, baina, doakoa izango da euren haurtxoa txertatu nahi duten gurasoentzat. Hiru dosi eskainiko dira, bigarren, laugarren eta 12. hilabetean.

Darponek zehaztu duenez, 2015ean jaiotako haurtxo guztiei eskainiko diete, dagoeneko dosiren bat jaso duten edo tratamendua jaso gabe duten gorabehera.

Pneumokokoaren bakteriak otitisa, pneumonia eta meningitisa eragin ditzake, besteak beste.

Barizelaren txertoa

Kazetariek galdetuta, barizelaren kontrako txertoaz ere mintzatu da Darpon. Azaldu duenez, 10 urterekin ematen diete gaixotasuna izan ez duten haurrei eta gaur gaurkoz, ez dago arinago eman behar dela iradokitzen duen "larrialdi epidemiologikorik". Dena dela, Itziar Astigarraga Euskadiko Txetxoen Aholkularitza Kontseiluko presidenteak nabarmendu duenez, erakundea "urtebeterekin, hiru eta lau urterekin ematea gomendagarria dela dioten adituen gogoetan parte hartzen ari da".

Gainerakoan, Osakidetzak urte hasieran iragarritako berrikuntza gehienak indarrean daude. Hala, otsailaren 2an kukurruku eztularen aurkako txertoa ematen hasi zitzaien haurdunei eta Meningokoko C txertoaren dosiak laugarren eta 12. hilabetean eta 12 urterekin eskaintzen dute orain. Papilomaren kontrako txertoari dagokionez, irailetik aurrera hasiko dira 12 urteko neskatoei ematen (lehen 14 urterekin eskaintzen zen), bi dositan.

Darponen hitzetan, "tresna eraginkor eta ziurrak" dira txertoak eta txertoen euskal egutegia oso osatua dago, estalduraren % 90 bermatzen baitu (% 96, gaixotasun larrien kasuan: difteria, tetanosa, kukurruku eztula edo hepatitis B)

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Osasun albisteak Umeak albisteak Txertoak egutegia