Gizartea -

Lan-istripua Nafarroan

51 urteko traktore-gidari bat hil da Areson, ibilgailua iraulita

Ezbeharra Aresoko herrigunetik gertu dagoen lursail batean gertatu da, herrira sartzeko bidegurutzetik 300 bat metrora.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

51 urteko gizon bat hil da gaur, Areson (Nafarroa), bere traktorea iraulita. Lan-istripua herritik gertu dagoen lursail batean gertatu da.

Nafarroako larrialdi zerbitzuek abisua 17:41ean jaso dute eta guardiako talde medikoa bertaratu da. Hala ere, biktimaren heriotza baieztatzeko aukera baino ez dute izan, Nafarroako Gobernuak agiri batean azaldu duenez.

Era berean, Cordovillako suhiltzaileak, anbulantzia bat eta Nafarroako Gobernuaren helikopteroa bidali dituzte, baina guztiak euren baseetara itzuli dira traktore-gidariaren heriotza baieztatu denean.

Ezbeharra Aresoko herrigunetik gertu dagoen lursail batean gertatu da, herrira sartzeko bidegurutzetik 300 bat metrora.

Trafikoko bi patruila eta Iruñeko Argiketa Taldea bidali ditu Foruzaingoak. Istripuaren nondik norakoak ikertzen ari dira.

Autopsia egiteko traktore-gidariaren gorpua Nafarroako Auzitegiko Medikuntza Institutura eramango dutela azaldu dute iturriek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroako albisteak