Gizartea -

Astearte eta asteazkenean

Hemen da beroaldia: 40 gradu baino gehiago espero dira Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du astearte eta asteazkenerako 40 ºC inguruko tenperaturak direla eta. Nafarroan, gaurtik eta asteazkenera arte, arriskupean daude, tenperatura altuengatik.

Beroaldia Iruñean
Beroaldia Iruñean
41 gradura bidean termometroak, barrualdean

1:38

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hegoaldetik gora datorren beroaldia oso gertu dago Hego Euskal Herritik, eta, hortaz, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du muturreko tenperatura altuengatik Euskal Autonomia Erkidegoan astelehenerako, eta alerta laranja aktibatuko du asteartean eta asteazkenean, 40 gradu baino gehiagoko tenperaturak izango direla ikusita. Gainera, Nafarroako Foru Erkidegoan, beroa handia dela eta, "arrisku nabarmena" dagoela adierazi du Aemetek.

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez zabaldu duenez, asteartean, abisua alerta laranja bihurtuko da tenperatura are altuagoak espero dituztelako. Kostaldean, 19 graduko minimoak eta 37ko maximoak izatea aurreikusi dute.

Isurialde atlantikoan, barnealdean, eta trantsizio gunean, tenperaturak 17 eta 40 gradu artekoak izango dira, iragarpenaren arabera. Ebro inguruan, 18 eta 40 artekoak espero dira.

Asteazkenean, halaber, alerta laranjak indarrean jarraituko du, 20 graduko minimoak eta 38ko maximoak aurreikusi dituztelako.

Isurialde atlantikoan, barnealdean, eta Ebron, 18-40 graduko tenperaturak izango omen dira, eta trantsizio gunean, 17-39koak.

Bilboko Udalak behin-behineko iturriak jarriko ditu beroari aurre egiteko

Bilboko Udalak behin-behineko zortzi iturri jarriko ditu datozen egunotarako espero den beroa dela eta. Hirian 419 iturri publiko daude, baina Udalak indartu egingo du sare hori.

Hedabideetara bidalitako ohar batean, Bilboko Udalak adierazi du behin-behineko iturri gehiago ipiniko dituela behar izanez gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza Alerta meteorologikoak argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eguraldia Bilbao Gaurko azken orduko albistea Udako azken ordukoa Bero-boladak