Gizartea -

Lege berria

Zaintza partekatuaren legeari argi berdea eman dio Legebiltzarrak

EAJren, PPren eta UPyDren botoekin atera da aurrera. Atzeraeraginezkoa izango da, eta gurasoak ados ez egonda ere, eskatu ahalko da.

Kidetzako kideak Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: @Kidetza
Kidetzako kideak Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: @Kidetza
EAEn banatzen diren bikoteen %12k zaintza partekatua dute

2:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PPren eta UPyDren aldeko botoekin, zaintza partekatua arautzen duen legea onartu du gaur. Horren arabera, banandutako gurasoek, ados egon edo ez, eskaera egin ahalko diote epaileari.

Kidetza Euskadiko banandutako aiten eta amen federazioak aurkeztutako eta 85.000 sinaduraren babesa zuen Legegintzaldiko Herri Ekimena du oinarri Legeak. Hiru urteko izapideen ondoren, Legearen zati handiena astearte honetan onartu du Legebiltzarrak, hiru alderdi horien aldeko botoekin, PSEren abstentzioarekin (zenbait artikuluren kontra bozkatu dute, halaber) eta EH Bilduren kontrako botoarekin.

Jada onartua dagoen Gurasoen banantze edo haustura-kasuetarako familia-harremanei buruzko Legearen zortzigarren artikuluaren arabera, aita edo amak, bakoitzak bere aldetik edo biek adostuta, seme-alaben zaintza partekatua edo banakakoa izatea eskatu ahalko dio epaileari, betiere adingabeen interesak lehenetsita.

Horrez gain, arauak zehazten duenez, aita edo ama zaintza partekatuaren alde ez egonagatik edo bikote harremana txarra izanagatik ere, hori "ez da oztopo izango zaintza partekatua ez emateko, betiere adingabearen interesei mesede egiten badie". Hortaz, epaileak zaintza partekatua ezarri ahalko du "adingabeen kaltean ez den kasuetan behintzat".

Etxebizitzaren erabilera

Bikotearen etxebizitzan nor bizi behar denaren inguruan, honakoak hartu beharko ditu kontuan epaileak: "seme-alaben interesentzat onuragarriena dena, gurasoen beharrizanak eta etxebizitzaren jabetza".

Hori horrela, etxebizitza erabiltzeko eskubidea emateko orduan, seme-alaben zaintza duen bikotekidea "lehenetsiko" du epaileak, zaintza ez duen bikotekideari ere eman ahal dio, "honek etxebizitza eskuratzeko zailtasunak baditu eta beste kideak seme-alaben beharrizanei aurre egiteko baliabide nahikoa, betiere adingabearen interesak errespetatuta".

Dena dela, etxebizitzaren erabileraren erabakia denbora baterako bakarrik izango da, eta gehienez bi urtez luzatu ahalko da.

Atzera begirako eragina duen legea

EAJk, PPk eta UPyDk adostutako zuzenketa baten arabera, aurretik ezarritako kasuetan ere aplikatu ahalko da zaintza partekatua, "aldeetako batek edo Fiskaltzak eskatuta eta epaileak onartuta".

Hiru alderdion arabera, gaur onartutakoa "aurrerapauso bat da" eta adingabeen eskubideak bermatuko ditu. Hain justu, kontra bozkatu duen EH Bilduk horixe argudiatu du bere jarrera defendatzeko. Koalizio abertzalearen irudiko, beharrezkoa da "adingabeen interesak gurasoen interesen gainetik egotea" eta lege honek ez du hori bermatzen. PSEk nabarmendu duenez, lege honek "arazoak ekarriko ditu" eta tramitazioan zehar dezente hobetu bada ere, ez du sozialisten babesa lortzeko nahikoa oinarri.

Kidetzako kideak Legebiltzarrean izan dira osoko bilkura jarraitzen. Behin legea onartuta, poza agertu dute "urtero familia-hausturengatik 50.000 euskal familiek bizi dituzten arazoei konponbidea ematen dien" araua delako. Twitterren ere, zorion mezua zabaldu dute:

Se aprueba la ley vasca de custodia compartida! Felicidades a todas y a todos!

— KIDETZA (@K1DeTzA) junio 30, 2015

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra bideoak EAE Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Umeak albisteak Aitak albisteak