Gizartea -

Ikerlana

EAEko herritarrek elkarbizitzarekin lotzen dute elebitasuna

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak euskararen gaineko jarrera eta iritziei buruzko ikerlan baten ondorioak azaldu ditu gaur.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak aurkeztu du ikerlana.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak aurkeztu du ikerlana.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak aurkeztu du ikerlana.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako sailburuordeak gaur azaldu duenez, EAEko herritarrek elebitasuna eta bizikidetza lotzen dituzte, Eusko Jaurlaritzak euskararen gaineko jarrera eta iritziei buruz eginiko ikerlan batean erakusten denaren arabera.

Baztarrikak berak eta Iñaki Martinez de Luna Prospekzio Soziologikoko Kabineteko arduradunak aurkeztu dute txostena, Donostian.

Sailburuordearen hitzetan, “oso kontuan izango dugu txostena hizkuntza politika garatzeko orduan”. Baztarrikak esan duenez, “euskararen gizarte prozesuan gertatzen den bezala, herritarrek euskararen inguruan dituzten iritzi-jarreren inguruan argi-ilun piloa dago, baina, dudarik gabe, argiak gehiago dira: iritzi positiboak negatiboak baino gehiago dira”.

Horren ildotik, herritarren iritziak “askotarikoak” direla esan du, eta “zertzeladaz beterik” daudela erantsi. Halaber, idatziaren arabera herritarrentzat elebitasuna eta eleaniztasuna “balio positiboak” dira eta ez dute hizkuntza bat bestearen aurretik jartzen, baizik eta euskara eta gaztelania “aukeratzearen” alde daude.

Gainera, idatziak erakusten duenez, herritarren ustez “zilegi da” da egungo egoera soziolinguistikoan euskararen aldeko politikak garatzea, eta elebitasuna “berdintasunarekin eta bizikidetzarekin” lotzen dute.

Bestalde, "herritarren aburuz euskara guztiontzako aukera bat dela eta hitz egiten duenari prestigioa ematen diola ere erakusten du ikerlanak”, Baztarrikak gaur kazetarien aurrean azaldu duenez. Gainera, gizarteak “hurkoarengana errespetuaren eta diskriminaziorik ezaren” alde egiten du, oro har, eta “herritar hirueledun orekatuak” nahi ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea