Gizartea -

Telebista

Baieztatuta! 'Game Of Thrones' Nafarroan filmatuko dute

Castinga larunbat honetan egingo dute, Tuteran. 800 gizonezko eta 400 emakumezko hautatuko dituzte, estra gisa.

John Snow, "Game Of Thrones" telesaileko protagonistetako bat
John Snow, "Game Of Thrones" telesaileko protagonistetako bat
John Snow, "Game Of Thrones" telesaileko protagonistetako bat

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ofiziala da jada. "Game of Thrones" telesail ospetsuak seigarren denboraldiko hainbat eszena filmatuko ditu Nafarroan, Modexpor Internacional casting-a egingo duen konpainiak baieztatu duenez.

Hain justu, 800 gizonezko eta 400 emakumezko estra bezala hautatzeko prozesua larunbat honetan egingo dute, Tuteran. Hitzordua 08:00etan izango da, Jesuiten Ikastetxean.

Prozesuan parte hartu nahi dutenentzako baldintzak hauek dira: altua izatea (175 cm gutxienez gizonezkoen kasuan, eta 170 cm emakumeenean), oso beltzaranak izatea eta egoera fisiko onean egotea, baina ez izatea "kulturista".

Filmatzea irailaren 20tik 25era egingo dute, eta estrek 50 euro kobratuko dituzte egun bakoitzeko.

Modexpor konpainiak gogorarazi du alerta laranja dagoela Nafarroan, bero sargoria egingo duelako. Horregatik, castingera ura eta kapela eramatea gomendatu du.

Oraingoz ez dago argi "Game of Thrones"en munduko zer herri islatuko duten Nafarroan, baina Tutera ingurua lurralde sikua dela eta estrei eskatutako ezaugarri fisikoak kontuan hartuta, segur aski 'dothraki' herria izango da. Hurrengo denboraldian, gizarte basati horrek garrantzi handia izango du istorioan.

dothrakis ''Game of Thrones''

Dothrakiak: Izango al da Nafarroa horien etxe berria?

Albiste ona turismoarentzat

"Game of Thrones" telesaila Nafarroan filmatzeak datu ekonomiko eta turistiko onak ekar ditzake lurraldean. Aurten, esate baterako, Osunan (Sevilla) egin dituzte hainbat filmazio, eta, horren ondorioz, hotel guztiak lepo izan dira eta turisten kopurua % 35 hazi da.

Bardeako basamortuak badaki zer den superprodukzio bat hartzea, Hollywoodeko hainbat pelikula filmatu baitituzte bertan, hala nola The World is Not Enough, James Bonden filma, eta The Counselor, Ridley Scotten lana.

Telesailaren seigarren denboraldia aurtengo uztailaren amaieran hasiko dira filmatzen, Belfasten. Espainiako Estatuan baditu dagoeneko hainbat lokalizazio baieztatuta, tartean Gironan (Katalunia) eta Peñiscolan (Castello).

"Game of Thrones" telesaila A Song of Ice and Fire George R.R. Martin idazlearen liburuetan oinarrituta dago, arrakasta handia lortu du mundu osoan, eta gaur egun telebistaren munduan dagoen ikurretako bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea