Gizartea -

Sutea

Zaragoza probintziako sutea, kontrolatzeko bidean

Suak 13.000 hektareako eremua kaltetu du. Sua itzaltzeko lanetan 500 lagun eta 26 aire unitate ari dira.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Sutan da Aragoiko Cinco Villas eskualdea

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaragoza probintziako Cinco Villas eskualdean atzo piztutako sutearen hedapena moteltzea lortu dute gaur suhiltzaileek, haizeak indarra galdu ostean. Suak 13.000 hektareako eremua kaltetu du: 8.000 hektarea baso eta mendi eta laborantzako 5.000 hektarea.

Roque Vicente Aragoiko Gobernuko ordezkariak Europa Press albiste agentziari berri eman dionez, haizea gelditu den arren sutea ez dago kontrolpean. Garrak lehen baino abiadura motelagoan hedatzen ari direla aitortu du, baina sua indartzeko aukeraz ohartarazi du.

Aragoiko Gobernuak jakinarazi duenez, uzta makina batek eragin zuen sua.

500 pertsonatik gora eta 26 aire unitate ari dira lanean, atzo, Zaragoza probintzian piztutako sua itzaltzeko lanetan. Halaber, Nekazaritza Ministerioa (MANAGRAMA) eta Nafarroako, Kataluniako eta Valentziako gobernuak ere laguntza ematen ari dira.

Goizean goizetik hainbat giza baliabide eta tekniko jarri dituzte sua itzaltzeko: 8 hegazkin, lurreko 13 talde, natura babesteko 27 agente, 3 BRIF, 9 autobonba, 4 makina pisutsu, Zaragozako Diputazioko 14 suhiltzaile dotazio, Babes Zibileko 25 boluntario, Guardia Zibila, Gurutze Gorria, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Ingurumen Saileko teknikoak, Babes Zibileko teknikoak, agintaritza aurreratua, ibilgailuak eta Foru Erkidegoko bi suhiltzaile dotazio. Horiez gain, kaltetutako herrietako eta eskualdeko bizilagunak, boluntarioak eta udaletako kideak eta teknikoak ari dira lanean.

Suak bi hegal eta buru bat ditu eta guztiak ere aktibo daude. Eskuineko hegala da arriskutsuena, izan ere, baso eremu trinko bati eragiten dio. Ezkerreko hegalak nekazaritzako lurrak eta Biota herriaren inguruak hartu ditu.

Atzo etxetik atera behar izan zituzten bizilagunei dagokionez -1.500 biztanle inguru-, gaua etxetik kanpo igaro ostean Farasdues eta Biota herrietako biztanleak beren etxeetara itzuli dira. Gaur, igandea, arazoak dituzte Asin, Ores, Farasdues eta Malpica herrietan, eta iparraldeko beste herri batzuetan alera egoera ezarri dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak bideoak